Tolosako Udalak iazko martxoko osoko bilkuran aho batez onartu zuen Hezkuntza Kontseilua arautzeko erregelamendua. Eusko Legebiltzarrak 2023ko abenduan onartu zuen EAEko Hezkuntza Legea. Lege horrek hezkuntza kontseiluak eratzeko aukera ematen die udalei, eragileen arteko elkarlana bideratzeko, eta Tolosa lehen herrietakoa izan da kontseilua martxan jartzen. Aurreko urteetan jarri zuten martxan horrelako mahai bat sortzeko prozesua, hezkuntzako eragileekin.
Urrian jarri zuten martxan Hezkuntza Kontseilua, eta hilero bildu da Hezkuntza Kontseiluaren Batzorde Iraunkorra. Oinarrizko hezkuntzako ikastetxeek (Samaniego, Orixe, Herrikide eta Laskorain), udaleko talde politikoek eta udal teknikariek parte hartu dute. Batzorde horren eskutik, elkarlanerako hainbat jarduera bideratu dituzte ikastetxeen artean.
Ikasturtea bukatzear dela, bilera ireki bat egingo dute, ikasturte honetako jardunaren balantzea egiteko, hezkuntza arloan Tolosak dituen lehentasun nagusiak identifikatzeko eta datorren ikasturteko erronka nagusiak aztertzeko. Ostegunean izango da, ekainak 12, 17:30ean, kultur etxeko areto nagusian. Herritar guztiak gonbidatuta daude, hezkuntzan diharduten eragileak ez ezik, baita gurasoak eta interesa duten tolosarrak ere, elkarren iritziak partekatzeko.
Berdintasun Kontseiluaren bilera, hilaren 16an
Ikasturtearen amaieran ohikoa denez, Berdintasun Kontseiluak ere egingo du bilera irekia. Kasu honetan, ekainaren 16an izango da hitzordua, astelehena, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan. Bilera horretara ere herritar oro gonbidatu dute.
Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: Jabetze Eskolaren udaberriko ebaluaketa eta udazken-neguko egitarauaren proposamena, Andragoraren egoera, diru laguntzak, ekainaren 28ko LGBTI+ harrotasun egunaren programaziorako proposamenak, sanjoanak eta Gune Morea.