Gure zinema: zientzia-fikzioa?

Ataria 2025eko ekainaren 7a

Izaskun Arandia eta Josu Martinez zinemagileak egon dira gaur eguerdian Tolosako Zerkausi azpian Galtzaundik antolatzen duen Sormenetik egitasmoaren barruan.

Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak Sormenetik egitasmoaren aurtengo lehen saioa antolatu du gaur. Gure zinema: zientzia-fikzioa? izenburupean, euskal zinemaren inguruan hitz egin dute Izaskun Arandia eta Josu Martinez zinemagileek, eta Garazi Karrera kazetaria izan da elkarrizketatzailea. Zerkausi azpian, TAK arraun klubak ontziratzeko duen lekura gerturatu dira herritarrak bi zinemagileek esandakoa entzutera.

Arandia gidoilari, zuzendari eta ekoizle tolosarra da, eta 2011n IZAR Films ekoiztetxea sortu zuen. 2016an, Hemen Euskal Herriko ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako emakumeen elkartea sortzeaz gain, presidente-kide ere izandakoa da. Azken urteetan, lan hauen ekoizpenean parte hartu du, besteak beste: Agur esatea (2013), Muga deitzen da pausoa (2018), 2 urte, 4 hilabete eta egun 1 (2020), eta Non dago Mikel? (2021).

Martinez, berriz, zinemagile, ikertzaile eta idazle bilbotarra da. Euskal zinemaren historia ikertu ez ezik, hainbat pelikula ere zuzendu ditu. Fikzioaren alorrean, Bizkarsoro (2023) izan da azkena. Iparrraldeko fikziozko herri batean kokatuta dago filma, XX. mendean, eta euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide. Horrez gain, Martinez zuzendari lanetan aritu da, besteak beste, Mirande, film bat egiteko zirriborroa (2023), Jainkoak ez dit barkatzen (2018) eta Gure sor lekuaren bila (2015) ikus-entzunezkoetan.

Argazkiak: Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!