Ander Figuerido hirigintza zinegotziak agerraldia eskaini du, gaur goizean, Hirigintza Sailak esku artean dituen proiektu nagusien inguruko argibideak emateko. Epe luzeak dituzten lanetan zentratu da, batik bat, eta proiektuz proiektu eman ditu argibideak.
«Hirigintzako prozesuak konplexuak dira, kasu askotan, denboran luzatzen direnak. Horrek ez du esan nahi geldirik daudenik; kontrakoa, baina ikusgarri egitea ariketa zaila izaten da. Normala den bezala, kalean, udalean edota herritarrekin egiten ditugun bileretan galdezka etortzen da jendea. Aldiz, sare sozialetan informazio okerra ematen duten mezuak ere ikusi izan ditugu. Horregatik, agerraldiaren helburua da informazioa ematea, proiektu horiek zein egoeratan aurkitzen diren azalduz. Ez daude proiektu guztiak, eta beste zenbait kasutan, epe motzean informazio gehiago emateko moduan izango gara», azaldu du.
Lau ataletan banatu ditu proiektu horien azalpenak:
1. Udal planeamenduko aldaketa puntualak
- Osasun eraikuntza berria
Figueridoren esanetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Iurreamendiko orubean zentro sanitario berria egin ahal izateko HAPOaren aldaketa puntuala egin behar du Tolosako Udalak. 2024ko urriko osoko bilkuran eman zitzaion hasierako onespena aldaketari, eta otsailaren 6an amaitu zen jendaurreko epea. «Urritik hona, tramitea amaitzeko beharrezkoak diren txosten sektorialak jaso dira; azkena, Osasun Sailarena, pasa den astean, maiatzaren 27an, jaso zen. Dokumentazio horrekin azken txostena osatzen ari dira Hirigintzan, eta hori egitean behin behineko onarpena emango zaio aldaketa puntualari eta Eusko Jaurlaritzako lurralde batzordeari igorriko zaio, oniritzia eman diezaion. Horrek ekartzen du behin betiko onarpena, eta hortik aurrera, Osasun Sailaren esku geratuko da lursaila. Tolosako Udalari dagokion guztia, beraz, eginda geratuko da».
- San Esteban auzoa
Zinegotziak gogoratu duenez, azaroan aurkeztu ziren Aurrerakin dokumentua eta Hasierako Dokumentu Estrategikoa. «Entzunaldi publikoko epea amaitu bezain pronto hurrengo urratsari heldu zioten Hirigintzako teknikariek: irizpide eta helburu orokorren txostena amaitzen ari dira orain. Osatu bezain pronto, auzotarrekin partekatuko da, eta gero osoko bilkurara eramango da bere onarpena eztabaidatzeko. Ondoren etorriko da HAPOaren aldaketa puntualaren idazketa. Urte luzetako lana dago aurretik, baina prozesuak eskatzen dituen urratsekin aurrera jarraitzen du udalak. Bitartean, auzoak behar asko ditu, eta martxan dagoen AuzoEkin proiektuaren barruan epe motzeko interbentzio batzuk egingo dira, eta aurrera begirakoak aztertuko dira bizilagunekin».
2. Udal proiektuak
- Alde Zaharra
Figueridoren esanetan nahi baino astiroago joan da prozesua, izan diren zailtasunak medio. «Plan Integralaren bigarren fasea, ekintza planarena, garatzeko lizitazioa amaitzen ari da udala. Plegu teknikoak amaituta daude, eta plegu administratiboak egin bezain pronto, lanen esleipen prozesua martxan jarriko da».
- Felipe Gorriti plaza
Exekuzio proiektua amaitzear dela iragarri du zinegotziak: «Azken aldaketak eskatu zizkieten udal teknikariek proiektua garatu duen estudioari, eta bueltan jaso bezain pronto obren lizitazioa abiatuko da. Helburua da 2025 amaierarako lanak hastea. Alde Zaharreko sarrera nagusienetako bat da, eta obra honekin batera, sarbide-sistema ezarriko da, egun Alde Zaharrean dagoen trafikoa murrizteko».
- Arramele zubia
Biribilgunea handitu eta zubiko espaloi eta bidegorria txukuntzeko proiektua landu du Tolosako Udalak, Ander Figueridoren esanetan. «Berehala emango dira xehetasun guztiak. Exekuzio proiektua jada amaitu da, eta dagoeneko kontratazio fasean dago, obrak esleitu ahal izateko. Bien bitartean, biribilgunea handitzeko lur zati baten desjabetzearen kudeaketa egiten ari dira udal teknikariak. Ondo bidean, hemen ere, helburua da obrak urte amaierarako abiatzea».
- Aparkalekuak
Aparkaleku berriak egiteko aukeren azterketa egina dagoela iragarri du zinegotziak, eta bestelako datu ugari jaso direla gehitu du, TAOren eta lurrazaleko aparkalekuenak, kasu. «18 kokaleku aztertu dira aparkaleku berriak egiteko, eta horietako bakoitzaren jabetzaz gain, azterketa ekonomiko, juridiko eta urbanistikoa egin da. Guztia analizatzen ari dira, eta ondorio guztiak eskuartean izandakoan emango da guztiaren berri. Bien bitartean, epe motzean egingarri diren aukera gehiago landu dira. Lan horietako bakoitza garatzeko aukera dagoenean emango da horren berri sakonago».
- Santa Klara eta Zumarditxikia
Eremu horren mugikortasuna hobetzeko proiektua lantzen ari dira teknikariak, Figueridoren esanetan. «Une honetan pisu gehien duen aukera da komentuaren aldeko espaloia zabaltzea, bi metrora arte. Zumarditxikian, berriz, orain arte esan bezala, autoak bertatik ateratzeko aukera dagoen unean, interbentzio arina egingo da espazioa herritarrentzako erabilgarri egon dadin. Oinezkoen pasabide irisgarri bat egingo da alderik alde, eta hiri altzariak jarriko dira. Dena den, proiektua garatzen ari dira eta amaitutakoan zehaztasunak publikoki elkarbanatuko dira».
- Zuloaga auzoa
Zinegotziak azaldu duenez, bidearen konponketa egiteko proiektuan aldaketa bat egin behar izan zen, bidea eusteko mikropilotezko sistema bat jarri behar baita. «Proiektua jada idatzita dago, eta kreditu aldaketa onartu berri da. Hortaz, obrak egiteko lizitazioa martxan jarriko da berehala».
- Iurramendi kalea
«Bidegorria eraikitzeko proiektua daukagu esku artean», esan du udal ordezkariak. «Tolosak dituen bi bidegorriak –Araba etorbidetik eta Paper kaletik doazenak–, batu egingo dira, Usabalerako bidean. Bizikletaren erabilera hobetzea eta oinezkoen segurtasuna bermatzea dira obra honen xedeak. Proiektua dagoeneko amaitu da. Lanak laster lizitatuko dira, eta uda ondoren lanekin hastea da aurreikuspena».
- Iurre auzoa
1-13 zenbakien hiru plazak berritzeko aurreproiektua jada egin dela iragarri du, eta bertako bizilagunei aurkeztu zitzaiela. «Orain ekarpenak egin behar dituzte, badirelako eurek erabaki beharreko zenbait gauza, plazen ekipamenduaren inguruan. Bitartean, udalak dagoeneko hasia du exekuzio proiektuaren lanketa, eta bizilagunen ekarpen horiekin osatuko da. Behin proiektua amaituta, hitzarmen berria sinatuko da bizilagunekin, obraren lizitazioa martxan jarri ahal izateko, eta dagokion kreditu aldaketa eginda, lanak ahal bezain pronto abiatzea da asmoa».
- Trianguloa plaza
Aldaketak iragarri ditu Trianguloaren inguruan Ander Figueridok: «Plaza osoa eraberritzeko lanen exekuzio proiektua idazten ari dira. Iurre auzoaren antzera, garajeetako jabeekin hitzarmena egin beharko da, egituraren eta inpermeabilizazioaren gaia eurei dagokielako. Jabekideekin harremanetan da udala, proiektuaren nondik norakoak elkarbanatzeko».
- Iturriza Jauregia
Obra, faseka egitea planteatu zutela jakinarazi du zinegotziak: «hasieran, kanpo inguratzailea –fatxada eta teilatua– eta, ondoren, barrualdea. Inguratzailea berritzeko proiektua jasotakoan, ordea, barrualdeari eragiten zioten aurreikusten ez ziren obra batzuk egiteko beharra azaleratu zen. Hortaz, barne egokitzapenaren proiektua eta kanpo inguratzailearena bateratua egingo da, eraikin osoaren lanak egin ahal izateko. Bien bitartean, jauregiaren lokal komertzialetako bat erosteko lanean ari da Tolosako Udala, jauregiaren erosketa egin zenean, lokal hori ez baitzen erosi».
- Sagrado Corazon
«Oraindik ez da udalaren jabetzakoa, baina dagoeneko udaleko teknikariek abiatu dute barrualdea egokitzeko proiektuaren idazketa lana. Jabetza eskuratutakoan emango dira argitara xehetasun guztiak. Bien bitartean, eremuaren birpartzelazio proiektua eta xehetasun azterlana auzitegietan daude, bizilagun batzuen helegiteak tarteko. Teknikariek egindako analisi juridikoak egindako urratsak egokiak izan direla dio, beraz, baimenekin aurrera jarraituko da», esan du Figueridok.
- Arkaute etxea
Ander Figueridoren esanetan, «azken berrien ondoren, EMMOArekin etorkizuneko asmoak zeintzuk diren finkatuko da eta, erabilera argitzearekin batera, etxea eraberritzeko exekuzio proiektua martxan jarriko da, eraikinari bizia eman eta erabilgarri jarri asmoz. Proiektua egin ahal izateko kreditu aldaketa onartu berri da maiatzeko plenoan».
3. Beste erakunde batzuen proiektuetan elkarlana
- Amarotz
Birpartzelazio proiektua behin betikoz onartu dela esan du hirigintza zinegotziak, eta jendaurrean omen dago une honetan. «Eraikitze-baimenak aurrera doaz, hortaz, VISESAk datozen hilabeteetan lanak egiteko esleipena egitea espero da. Ondo bidean urte amaierarako alokairu sozialeko 200 etxebizitzen eraikuntza martxan izango da. Aldi berean, auzoak izango duen biztanleriaren hazkundeak egungo auzo-ereduan izan dezakeen eragina neurtu eta neurri zuzentzaileak ezartzeko azterketa teknikoa esleitu berri da».
- Zubi berria
Figueridoren esanetan, «Tolosako Udalak eskatuta, ingeniaritza zibilean aditua den eta Gipuzkoako herri ugaritan gisa honetako lanak egin dituen estudio batek beste proposamen bat garatu zuen, bi baldintzarekin: ahalik eta inpaktu bisual txikiena izatea –hau da, lehen proiektuaren arkuak eta prefabrikatutako egiturak ez izatea– eta gaitasun hidraulikoa handitzea. Ura Agentziari aurkeztu zitzaion eta, proposamenaren ideia orokorra begi onez ikusi bazuen ere, alboratu egin zuen, Valentziako DANAren ondoren irizpideak are gehiago zorroztu dituztelako. Egindako proposamenari helduz, beste planteamendu bat egitekotan da Ura, eta horren zain da udala».
- Apeaderoa
ADIF-ekin etengabeko harremanetan daudela dio Figueridok, eta horrela izan dela azken urteotan. «Proiektua jada egokitu dute, eta obraren lizitazioa aurki egiteko asmoa dutela helarazi dute. Hitzarmena berritu eta kreditu konpromisoa onartuko da, lanak egin ahal izateko».
4. Promozio pribatuak
- San Kosme eta San Damian
Gai korapilotsu honetaz ere azalpenak eman ditu hirigintza zinegotziak: «2023an urbanizazio lanak hasi ziren, baina pitzadurak azaldu ziren, bai eremu horretan, baita alboko orubean ere. Udalak pitzadura horiek sorturiko arriskuak ekiditeko lanak baimendu zizkion enpresa sustatzaileari, eta orain arte lan horietan aritu dira. Bien bitartean enpresari bestelako obrak egiteko baimena erretiratu zitzaion, onartutako urbanizazio proiektuarekin bat ez zetozelako eta baimendutakoa baino lur eremu askoz ere zabalagoan egin zituztelako lanak».
Enpresari urbanizazio proiektu berria aurkez zezan eskatu zion ondoren udalak, eta oraindik ez dutela jaso esan du Figueridok. «Horretarako, azterketa geotekniko berria egin behar dute. Behin proiektua jasota, udal teknikariek aztertuko dute. Horrez gain, eraikitzekoak diren etxebizitzen atzeko berdegunea, eremu publiko gisa onartu ote daitekeen aztertu beharko da. Egungo planeamenduan berdegune publiko bat izango dela jasoa dago, baina lurra egonkortzeko egin behar izan dituzten lanek erabat desitxuratu dute eremua, eta zalantzagarria da erabilera publikorako izango lukeen izaera».
«Urte zailaren ondoren, itxaropentsu»
Ander Figueridok, Hirigintza Sailak azken urtean izan duen egoera ere ekarri du gogora: «Ez da urte erraza izan: behin behinekotasun handia izan da, eta lanpostu asko hutsik egon dira denbora luzez, egonkortze, hautaketa prozesu eta bestelako arrazoiek eraginda. Agintaldian izan dugun hutsuneen batez bestekoa %11koa izan da, eta hilabete batzuetan %26koa. Egoera horrek lan batzuen erritmoan eragin du, gustatuko litzaiguneena baino gehiago. Gogorra izan da, baita teknikarientzat ere. Horregatik, denen ahalegina eskertu nahi dut».
Zailtasunak zailtasun, aurrera begira itxaropentsu mintzatu da: «Orain egoera bestelakoa da. Lanpostu gehienak hornitu dira eta asko nabaritu da eguneroko lanean. Hirukoiztu egin da azken hilabeteetan landu diren txosten tekniko, dekretu, errekerimendu eta ofizioen kopurua. Egoera honetan, lantzen ari garen proiektu hauek egikaritzeko gaitasuna izango dugulakoan nago».