Bedaiotarrek Harri Jaia ospatu dute

Ataria 2025eko ekainaren 6a

Ospakizun eguna izan zuten atzokoan bedaiotarrek. Urteroko ohiturari eutsiz Harri Jaia egin dute, Bedaioko larre, baratze eta soroak bedeinkatuz.

Eguerdian hasi zuten ospakizuna bedaiotarrek, elizan bertan. Meza eta gero, San Isidro atera zuten prozesioan eta Bedaioko larre, baratze eta soroak bedeinkatu zituzten. Izan ere, historiari pasa den «zorigaiztoko ekaitza» hura, «errepika ez dadin» eskatu zioten baserritarren santuari.

Eskari bera bertso bidez luzatu zuten, Bixente Gorostidi amezketarraren ahotsean. Bertso saioa bestalde, tabernaren bueltan egin zuten, Bixente Gorostidiri Joanes Illardegi batuz, «saioa borobiltzeko». Bertsoez gain, tokan aritzeko aukera ere izan zuten Harri Jaiaren bueltan bildurikoek. Guztira, 35 bazkaldar inguru elkartu ziren Abatxe jatetxean, eguna gogoratzera eta ospatzera. Arratsaldea alaitzeko, Aiora Beloki batu zitzaien trikiti doinuak jartzeko. 

Iluntze partean berriz, Artubi elkartean izan zuen festak jarraipena. 40 bat lagunek bertan afaldu,  eta trikiti doinuen laguntzarekin festa luzatu zuten goizaldera arte.

Horrela agurtu dira bedaiotarrak, datorren urteko maiatzaren 21era arte, Azintziotatik zortziurrenera, 2026ko Harri Jaia ospatzeko zain.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!