Tolosako Zaintza Ekosistemaren Diagnostiko Partekatua aurkeztuko dute asteazkenean

Ataria 2025ko eka. 6a, 16:00

Tolosako Herritarren Batzarrak iazko maiatzean egindako saio bateko irudia.

Tolosako zaintza beharrak modu integralean aztertu eta identifikatu ditu udalak, «zaintza-eredu bidezkoago eta parekideago baterantz lanean jarraitzeko». Ekainaren 11n izango da saioa, 17:30etik aurrera, Topic-en; irekia izango da, baina ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.

Tolosako Udalak Tolosako Zaintza Ekosistemaren Diagnostiko Partekatua aurkeztuko du ekainaren 11n, asteazkena, 17:30etik 18:30era, Topic-en. Ekitaldia irekia izango da eta herritar oro dago gonbidatua. Hala ere, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea esteka honetan.

Iaz abiatu zuen udalak diagnostikoaren lanketa, Daiteke Gizarte Aholkularitzaren laguntzarekin. Tolosako zaintza-beharrak modu integralean aztertzea eta identifikatzea da diagnostikoaren helburua. Aldi berean, zaintza bidezkoago, parekideago eta erantzunkideago baterako bideak proposatzea ere nahi dute. «Izan ere, zaintzak bizitzaren sostengu nagusia dira, eta horregatik, ezinbestekoa da zaintza-sistema publiko, integral eta inklusibo baten aldeko urratsak ematea», adierazi du udalak.

Udalak azaldu du ez dela hutsetik abiatutako proiektu bat, «azken urteotan, gai honen inguruko egitasmo eta lan ugari egin baititugu». Herritarren Batzarra osatu zuten herritarrek ere «zaintza-politikak indartzeko gomendioa lehenetsi» zutela nabarmendu du udalak, eta mugimendu feministaren bultzadak ere «berebiziko garrantzia» izan duela zaintzen inguruko sentsibilizazioan eta eraldaketa politikoan, «zaintzaren krisiaren salaketa argia egin baitu, baita zaintza sistema publikoaren aldarria irmo plazaratu ere».

Ikuspegi feminista 

Lanketa ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik egin dutela adierazi du udalak, «zaintzek dakartzaten egiturazko desberdintasunak ulertzeko ezinbesteko baitira». Generoaren dimentsioarekin batera, klase sozialak, jatorriak, etniak edota adinak –haurrenak barne, Haurren Hiria programaren bidez– ere kontuan hartu dituztela esan dute, zaintzaren inguruko baldintzak eta aukerak nola baldintzatzen dituzten aztertzeko.

Parte hartze zabala

Prozesua metodologia parte hartzailearen bidez garatu du udalak, eta erakunde, norbanako eta eragile askok parte hartu du. Besteak beste, udal barruko sail ugaritako teknikariek parte hartu dute, baita udalaz gaindiko erakundeetako ordezkariek ere. Gizarte-eragile eta zaintzan aritzen diren pertsonen esperientziak eta ekarpenak ere uztartu dituzte. Guztira, 63 pertsonak hartu dute parte, 41 emakumek eta 12 gizonezkok. Orotara 9 talde-elkarrizketa monografiko egin dituzte, banakako 17 elkarrizketa, eta lau entzute-gune antolatu dituzte zaintzaileekin.

Guztien ekarpenekin osatu dute diagnostikoa. «Zaintzaren eguneroko praktikak ezagutzeko aukera eman du horrek, eta, bereziki, zaintza informalaren inguruko erronkak eta ahuleziak mahai gainean jartzeko balio izan du. Aztertutako errealitateetako bat da biztanleriaren zahartzea, eta horrek dakartzan ondorioak zaintza-beharretan», adierazi du udalak. 

Erronkak eta proposamenak

Egungo egoera deskribatu ez ezik, etorkizuneko erronkei aurre egiteko proposamenak eta ekintza-ildoak ere jaso dituzte txostenean. «Herritar guztien beharrei erantzuteko gai izango den zaintza-sistema inklusibo eta irisgarri bat garatzeko oinarriak jartzea da helburua».

Diagnostiko hau «elkarlanerako eta eraikuntza kolektiborako tresna gisa» ulertzen duela esan du udalak. Hori dela eta, ekainaren 11ko aurkezpena, «ondorio nagusiak partekatzeko eta etorkizuneko urratsak elkarrekin pentsatzeko espazio irekia» izango dela aurreratu dute. «Herritar orori zuzendutakoa da, bereziki, zaintzaren arloan lanean diharduten eragile eta norbanakoei, zaintza gure herriaren etorkizunean funtsezko gaia dela ulertuta. Guztion ahotsak entzutea eta kontuan hartzea ezinbestekoa da zaintza bidezkoago baten aldeko bidean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!