Gonzalo Cañas «antzerki gizonari» omenaldia, Topic-en

Ataria 2025eko ekainaren 5a

Argazkia: Topic museoa.

Irailaren 7ra bitarte, «txotxongiloen historian funtsezko pertsona» izan denari buruzko erakusketa ikusgai jarri dute Tolosako museoan.

Tolosako Topic txotxongiloen museoak Gonzalo Cañasi eskainitako erakusketa zabaldu berri du, museoko Anbigu aretoan; irailaren 7ra bitarte bisitatu daiteke. Topic-etik adierazi dutenez, Cañas, «Espainiako estatuko txotxongiloen historian funtsezko pertsona» da eta «txotxongiloak eta aktoreak eszenan uztartzen lehenengotarikoa» izan zen.

1961ean hasi zen Cañas antzerkiko eta zinemako aktore, eta bere lan profesionalaren zati handi bat figuren antzerkiari eskaini zion. «Eszenaratzeko zeregin guztietan inplikatutako artista izan zen: gidoien idazketan, figurak eta eszenografiak egitean, zuzendaritzan, ikuskizunen banaketan eta antzezpenean. Cañas antzerki gizona izan zen. Txotxongiloen antzerkiari eskainitako ardura bereziagatik nabarmendu zen, Gerra Zibilaren ondoren txotxongiloen artea berritzeko lehen mugimenduan parte hartuz, Francisco Peralta eta Paco Porrasekin batera».

1960an sortu zuen bere lehen taldea Cañasek: Bululu. «Madrilgo txotxongilolari ospetsuenek egiten zuten bezala, jaunartze-festetarako etxez etxeko emanaldiak egiteko helburuarekin. Geroago, probintzietako kanpainetan parte hartu zuen eta ikuskizunak Espainiako estatuko txokoetan zehar eraman zituen. 1970eko uztailean, Gonzalo Cañasen Txotxongiloak izena hartu zuen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!