Tolosako udalbatzak kreditu gehigarrien modalitateko 3.744.112 euroko kreditu aldaketa onartu zuen maiatzeko osoko bilkuran, gehiengoz; udal gobernuak soilik bozkatu zuen onartzearen alde. EAJk aurka bozkatu zuen, eta PSE-EEk abstentziora jo zuen. Patxi Amantegi EAJko zinegotziak nabarmendu zuen kreditu aldaketak oinarrizkoak direla, erabili egin behar direla, baina arau batzuk bete behar dituztela. «Ezin da edozer gauza egin».
Udalak 2,9 milioi euro bideratuko ditu inbertsioetara; horietatik ia 1,7 milioi, Usabal kiroldegiko galdara konpontzeko. Azken honen kasuan, Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak adierazi du atentzioa eman diola diru kopuruak. «Pentsatzen dut udal teknikariek lan ona egin dutela eta sistema eraginkorrenaren alde egin dutela, baina gai honetako adituekin zenbait elkarrizketa izan ditut, eta sistema hobeagoak badaudela esan didate, baita proposatutako sistemak bere arriskuak dituela ere», gaineratu zuen.
Amantegik hartu zuen hitza ondoren. Esan zuen Javi Zabala alderdikidea eta biak joan direla galdara ikuskatzera, eta galdararen azterketaren txostena ere gainbegiratu dutela. «Akats larriak ikusi genituen; zenbait gauza ez zeuden zehaztuta». Horrez gain, esan zuen 1,6 milioi euroko kostua zuena 3,3 milioi eurokoa izatera igaroko zela adierazi zietela. «Ez da eraginkorra eta, gainera, garestia da? Bada, ez jarri. Non gelditzen da gardentasunaren oinarrizko printzipioa? Guk datu guztiak nahi ditugu. Kreditu aldaketek eraginkorrak izan behar dute, baina ezin dute balio gauzak estaltzeko».
Ander Figuerido hirigintza zinegotziak erantzun zien oposizioko kideei: «Ez dago ezer ezkutatzeko. Lizitazio publiko bat egin zen proiektua garatzeko; beraz, horren adituak baldin bazarete, zuen burua aurkeztu zenezaketen. Proiektua ahalik eta jasangarriena, eraginkorrena eta merkeena izan dadin bermatuko du kontratatutako enpresak».
Arkaute etxea
Inbertsioen beste partida bat, 52.000 euro, Arkaute etxearen exekuzio proiektuaren idazketara bideratuko du udalak. Villanuevak esan zuen ez diola zentzurik ikusten, ez duelako uste museoaren proiektua aurrera aterako denik. «Halaber, hausnartu beharko da eraikinari buruz, eta pentsatu beharko da datozen urteetan zer egin, tristea delako itxita egotea».
Amantegik ere hitz egin zuen etxearen inguruan: «Emmoak esan du ez duela ulertzen erakundeek nola ez duten interes handiagoa adierazi. Argi eta garbi Tolosako Udalagatik ari zen. Tolosako alkateak ez du bete emandako hitza, eta zalantzan jarri du proiektua bera. Pertsonalki, pena handia sentitzen dut, nik zinegotzi nintzenean aukeran utzi nuelako, eta ez delako gauzatuko».
Kreditu aldaketa mantendu izanari ere heldu zion EAJko kideak: «Esan dute museoa ez dela egingo Tolosan, baina diru partida mantentzen du udal gobernuak. Aitzakia ematen dizue proiektua martxan dagoela esateko, eta gezurra da». Andu Martinez de Rituerto alkateak erantzun zion: «Ezin dugu 15 urtez gain behera etorri den eraikin bat egoera horretan utzi. Partida hori 2025ean exekuzio-proiektua egiteko da. Badakit etxe hori egokitzeko diru kopuru handia utzi beharko dugula, baina nazio izaera duen museo bat egiteko elkarlana behar da, eta guri ez dizkigute ateak ireki ere egin».
INBERTSIO NAGUSIAK (2,9 milioi euro)
- 1.662.212 euro. Usabal kiroldegiko galdara konpontzeko.
- 350.000 euro. Ibilgailu elektrikoen karga-puntuak jartzeko obra.
- 285.000 euro. Iurramendi kaleko bidegorriaren exekuzioa.
- 180.000 euro. Berazubi estadioko fokuetako argiak aldatzea.
- 100.000 euro. Zuloaga auzoko lurra konpontzeko.
- 90.000 euro. Alde Zaharreko ibilgailuen sarbide-sistema jartzea.
- 73.700 euro. Herriko hainbat puntutako argiteria hobetzea.
- 52.000 euro. Arkaute etxearen exekuzio proiektuaren idazketa.
- 49.500 euro. Iturriza Jauregiaren proiektua.
%26ko exekuzioa inbertsioetan
2024ko aurrekontuaren likidazioaren inguruko xehetasunak ere eman zituen udal gobernuak. Behin betiko aurrekontua 45.108.324.27 eurokoa izan da, behin-behinekoa baino ia 7 milioi handiagoa, kreditu aldaketak medio; eta emaitza orokorra positiboa izan da, 403.456,26 euroko superabitarekin. Gastuen aurrekontuaren exekuzio maila orokorra %71,5ekoa izan da. Kapital eragiketen barruan, inbertsioen exekuzioa %26,4koa izan da; kapital transferentziena, berriz, %13,37koa. Gauzatzeke geratu den partidarik handiena Amarozko babes publikoko etxe berrien ingurukoa da.
Biotxa Agirre EAJko zinegotziak adierazi zuen udal gobernuak 2024rako aurrekontuak aurkeztu zituenean, pertsonal gastuak %6 igoko zirela iragarri zuela, «inbertsioak nabarmen hobetzeko asmoz». Likidazioa ikusi ondoren, «kezkagarri» jo zuen pertsonal gastua «hainbeste» igo eta inbertsioetan %26ko exekuzio maila lortzea. «Eragin kaltegarriak ditu herriarentzat, eta hobekuntza neurriak eskatzen ditugu», nabarmendu zuen. Figueridok onartu zuen datuak ez direla onak.
Lanpostuen balorazioa
Bestetik, udalbatzak bost lanposturen balorazio-berrikuspena onartu zuen: kiroldegiko harreragile eta begirale lanpostuak, Udateko administrariarena, ondare-erantzukizuneko administrariarena eta Komunitatea eta Gobernantza saileko arduradunarena. Bost urteko begirada du berrikuspen-planak, eta datozen hilabeteotan berrikuspen gehiago egitea aurreikusten da. Helburua da urtean 20 berrikuspen egitea batez beste.
Komunitatea eta Gobernantzako arduradun lanpostuaren kasuan, abstentziora jo zuen oposizioak. Udal gobernuak bultzatzen duen antolaketa eta parte-hartze ereduarekin «kezkatuta» daudela esan zuten EAJk eta PSE-EEk. «Zalantzan jartzen dugu egitura handitzea, agian, benetako beharrei erantzun gabe. Gobernantza teknikariaren lanaldia 93 orduz handituko da. Ez dugu ikusten prozesuak dakarren kostuaren eta onuraren arteko proportzionaltasunik», adierazi zuen Ainhoa Dominguez EAJko zinegotziak. «Erabakiak etengabe atzeratzen ari gara. Beharrezkoa al da hainbeste prozesu parte hartzaile egitea?», galdegin zuen Villanuevak. Izaskun Sanz gobernantza zinegotziak erantzun zion Dominguezi: «Kostua ez da finkoa, ez da egiturazko handitze bat; proiektuak irauten duen bitartean egingo da».
EAJren mozioa ez, Galtzaundirena bai
Bi mozio ere jarri zituzten mahai gainean. Batetik, EAJko udal taldeak aurkeztutakoa, Tolosan merkataritza-lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko aukerak aztertzea eta sustatzea. Ez zuten onartu, EH Bilduk aurka bozkatu zuelako; gainera, alkateak aurreratu zuen laster aurkeztuko duten etxebizitza planean landuko dutela gaia. Bestetik, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak aurkeztutakoa, euskararen aurkako sententzietatik babestu eta hizkuntza-politikarako arkitekturari buruzkoa, gehiengoz onartu zuten; PSE-EEk aurka bozkatu zuen.