Udako oporraldia hurbiltzen ari da, eta horrekin batera, hizkuntzak lantzeko une aproposa heldu da. Tolosako Lacunza akademiak ingeleseko eta frantsesezko ikastaro trinkoak eta bestelako esperientziak eskainiko ditu uztail osoan zehar, adin eta maila guztietarako.
Ikastaro hauek astelehenetik ostiralera izango dira, eta bi orduko saioetan banatuko dira, betiere, goizez. Udako eta datorren ikasturterako matrikulazio epea irekita dago dagoeneko.
Izena emateko, gainera, hainbat bide edo formatu daude eskuragarri: batetik, 943 46 47 00 telefono zenbakira deituta; bestetik, Lacunza.es webgunearen bitartez; eta, hirugarrenik, zuzenean bulegora joanda (Lopez Mendizabal 1, Tolosa).
Lanketa jarraitua
«Udan ikasteko giroa lasaiagoa izaten da, eta ikasleek oso ondo aprobetxatzen dute denbora», azaldu du Brigit Clunies-Rossek, Lacunza akademiako ikasketa zuzendariak. «Ikastaro trinkoak eraginkorrak dira, egunero bi orduz lan eginez aurrerapen nabarmena lortzen da».
Bi asterako edo hilabete osoko ikastaroak egin daitezke, eta ikasleek hizkuntza gaitasuna modu praktikoan sendotzeko aukera dute.
Baita txikientzat ere
Aipatutakoa gutxi ez, eta adin txikikoentzat ere badituzte aukerak Lacunzan. Adventures izeneko ludoteka zerbitzua ekainaren 23an hasiko dute, eta bost urtetik hamabi urtera bitarteko haurrei zuzenduta dago.
Modu dibertigarrian eta dinamikoan, ingelesa edo frantsesa lantzen dute astez aste, tailerren, jokoen eta irteeren bidez. «Txikientzat ikasteko modu aproposena da: jolasten eta esperimentatzen», nabarmendu du Clunies-Rossek. Halaber, zehaztu du aurtengo edizioan ingurumena izango dela ludotekako jardueren gaia edo ardatz nagusia.
Ziurtagirien gakoa
Bestalde, udan zehar 13 urtetik gorakoentzako azterketa-prestakuntza ere eskaintzen dute. Hain zuzen, B2 First eta C1 Advanced azterketak prestatzeko eta ziurtagiriak lortzeko ikastaro trinkoak antolatzen dituzte uztailean.
Ikasketa zuzendariak adierazi du «funtsezkoa» dela prestakuntza jarraitua: «Azterketa baten aurretik, azken hilabetea funtsezkoa da. Uztail osoan lanean aritzea arrakastaren gakoa izan daiteke». Hizkuntza irakastetik harago, Lacunzan azterketa simulazioak ere eskaintzen dituzte, besteak beste, eguneroko saioetan barneratzeko.
Esperientzia oinarri
Esperientzia internazionalago baten bila dabiltzanentzako, berriz, Lacunza Summer Camp egingo dute Donostian, ekainaren 30etik abuztuaren 4ra. 6 eta 13 urte bitarteko gazteentzako udaleku horrek hainbat jatorritako ikasleak biltzen ditu. «Ikasle asko etortzen dira atzerritik gaztelania ikastera, eta horrek giro erreal bat sortzen du hizkuntza praktikatzeko. Hemengo ikasleentzat, atzerrian egongo balira bezala da».
Lacunza akademiak, beraz, aukera zabala eskaintzen du uda honetan hizkuntzak modu dinamikoan eta eraginkorrean lantzeko, adin eta maila guztietara egokituta.