ELKARRIZKETA

«Txakurren ile-apainketa pasioz bizi behar duzun zerbait izan behar da»

Imanol Garcia Landa 2025ko eka. 9a, 07:57

Tamara Alkorta txakurren ile apaintzailea. I.G.L.

Txakurren ile-apainketa ez dela bakarrik ilea mozten jakitea, txakurrak ulertu behar direla azaldu du Tamara Alkortak. Tolosaldetik kanpoko bezeroak ere etortzen dira Tolosan duen ile-apaindegira. Txakurrak edertasun erakustaldietara eramaten ditu, eta bere kanixeak irabazi berri du Espainiako Txapelketa.

Tamara Alkortak (Portugalete, Bizkaia, 1976) 30 urte bete ditu txakurren ile-apainketan. Orain 16 urte Tolosara etorri zen bizitzera, eta 2019an ireki zuen bere izena daraman ile-apaindegia.

Nolatan sartu zinen txakurren ile-apainketaren munduan?

1995an oparitu zidaten schnauzer miniatura arrazako txakurra, hiru hilabeterekin ile-apaindegira eraman nuen, eta bertan sekulako desastrea egin zioten. Orduan hasi nintzen nire kabuz ilea mozten eta apaintzen nire txakurrari. Beti izan ditut schnauzer miniatura arrazako txakurrak. Zoragarriak dira, lasaiak... Betidanik izan ditut txakurrak etxean, baina txakur bat zer zen txakur horrekin ikasi nuen. Oso txakur berezia zen, eta edukitzeko oso erraza. Lehen txakur harekin ere hasi nintzen txakurren erakustaldietara joaten. Albaitari laguntzaile bezala ere lan egin izan dut. Pertsona batek proposatu zidan erakustaldi batera eramateko, eta ez zuen irabazi, baina bigarren geratu zen, eta zaletu egin nintzen.

Zer ibilbide egin duzu ile-apainketan?

Madrilera joan nintzen sei hilabetez prestakuntza egitera. Txakurrak bazeuden baina ez gaur egun dagoen boom-a bezalakorik; ez zegoen prestakuntzarik, eta dena oso autodidakta zen. Bueltatu nintzenean lanean hasi nintzen Sestaon (Bizkaia), denda batean, eta gero zorte handia izan nuen Bilboko ile-apaindegi batean kontratatu nindutelako. Kantauri itsasoko ertzean irekin zen lehenengoa izan zen, 1976an, eta bertako arduradunak, Jesus Bilbaok, pila bat zekien txakurrez eta ile mozketaz. Eta nik pila bat ikasi nuen. Gero, tolosar bat ezagutu nuen eta hona etorri nintzen bizitzera.

Eta Tolosara etorri eta berehala ireki zenuen ile-apaindegia?

Ez, Ibaiondo albaitaritzan hasi nintzen, eta bertan hainbat urtez egon nintzen. Gero Urubi dendan aritu nintzen ile-apainketa zerbitzua ematen, eta 2019an ireki nuen nire negozioa, hogei urte baino gehiago ile-apaintzaile bezala hasi eta gero. Beldur handia ematen zidan. Bilbon txakur pila bat izaten genituen, eta Gipuzkoara etortzea aldaketa handia izan zen. Eromen bat izan da, eta pertsona bat izan nuen nirekin lanean. Tamalez joan egin zen, eta ez dut beste inor kontratatu. Bakarrik jarraitzea pentsatu nuen, eta ahal nuen arte egitea. Nire itxaron zerrendak hilabetekoak dira, baina horixe da dagoena.

Horrelako ofizio bat izateko txakurrak gustuko izan behar dituzu, ezta?

Gustatu behar zaizkizu, eta pazientzia handia behar duzu. Txakurren ile-apainketa pasioz bizi behar duzun zerbait izan behar da. Lanbide gogorra da, jendeak erraza dela pentsatu arren. Nik zortez txakur errazak ditut, baina neke handia eragiten du. Zerbikalak porru eginda ditut, batzuetan eskumuturrek karraska egiten didate... Eta, esan bezala, pazientzia handia behar duzu. Gaur egun txakur zoragarriak ditut, baina oso zailak ere izan ditut. Ile-apainketa ez da bakarrik ilea mozten jakitea, txakurrak ulertu behar dituzu. Oso txakur gutxi etortzen dira pozik ile-apaindegira, ez bada oso txikitatik etorri izan direla. Txakurrek ez dute batere ondo eramaten beraien jabeengandik banatzea. Norbaitek txakurkume bat hartzen duenean eta galdetzen didanean nola egin behar duen, nik esaten diot ekartzeko, eta gutxienez azkazalak moztuko dizkiodala, belarrietako ileak moztuko dizkiodala... Jakin dezala nirekin bost edo hamar minutu egon daitekeela, bere jabea egon gabe. Horrela, ile-apaindegia beste modu batera hartzen dute.

Eta nola tratatu behar dira txakurrak?

Saiatu behar zara zugan konfiantza izaten. Nik uste dut kasuen % 99ean lortu dudala. Ahulgune bat ere izan dut: maltatar bat, tamalez dagoeneko hilda dago. Hari beti mozala jantzi behar izaten nion, eta eskerrak mozala jartzen uzten zuela. Bere konfiantza bereganatu behar duzu, eta jakin dezala ez diozula ezer txarrik egingo. Gero zure abileziaren baitan hobeto edo okerrago egingo duzu ile-apainketa, baina niretzat hori da garrantzitsuena. Are gehiago, garai hauetan. Ni hasi nintzenean jendeak ekartzen zuen txakurra eta, «tori, har ezazu» esaten zizun eta joan egiten zen. Gaur egun, uste dut jendeak txakurrek baino okerrago pasatzen duela.

Besterik aldatu al da hasi zinenetik?

Lehen, txakurrak txakurragoak ziren. Txakur batek adierazten bazuen ez zenuela ukituko, izerdia atera arazten zizun. Orain askoz beldurtiagoak dira, denak. Jabearekin halako lotura sortzen dute... askotan ez direla sanoak. Askotan pentsatzen dut txakurrak nire ile-apaindegian txakur bihurtzen direla berriro. Nik ez diet ehunka aldiz esaten «orain orraztu egingo zaitut», nirea keinuak egitea da. Txakur bat ni markatzen saiatzen bada, hau da, «uzteko bakean» esanez, nik karda jartzen diot parean, esanez: «Hemen zaude ilea apaintzeko, eta hori egingo dugu». Nik gehien ikasi dut txakur ama batek bere kumeei nola erakusten dien ikusiz. Ama batek markatu, blokeatu, gelditu egiten du bere kumea, eta kumeari ez zaio ezer gertatzen. Ama zuzenenek ez diete koska egiten kumeei, bakarrik markatu egiten dituzte eta esaten diete: «Hau bai eta hau ez». Bada, kume horiek gero askoz orekatuagoak dira handitzerakoan.

«Nik gehien ikasi dut txakur ama batek bere kumeei nola erakusten dien ikusiz»

Zer duzu gustukoen zure lanbidetik?

Txakurrekin tratua. Beti esaten nuen loteria tokatuz gero ile-apaindegia itxiko nukeela, baina pandemian zehar konturatu nintzen asko botatzen nituela faltan ile-apaindegira etortzen ziren txakurrak. Eta onartzen dut hona etorri izan diren txakur batzuk hil direnean, gaizki pasatu dudala. Kariño berezia diezu, txakur bereziak dira, eta lotura berezia sortzen duzu beraiekin.

Zer txakur mota joaten da ile-apaindegira?

Etortzen diren % 90 txakur txikiak eta arrazakoak dira. Nire txakur izarra, gaur egun, kanixe nano edo toy bat izaten da, gorri kolorekoa. Lehen kanixe asko ez zeuden, baina duela zazpi urtetik hona, esajerazioa da. Maltatar asko ere izaten dira. Schnauzer asko ditut, eta horrekin eskertuta nago. Txakur mestizoak ere baditut. Jende asko dago nahiago duena txakurra ile-apindegira sarri ekartzea eta ordaintzea, txakurra ondo egoteko, eta horrela, beraiek lanik ez egiteko. Askok lanagatik ez dute denborarik izaten.

Nongoak dira bezeroak?

Hainbat lekutatik etortzen dira. Adibidez, Zestoatik (Gipuzkoa) hiru etortzen dira. Donostiatik ere etortzen dira, eta han badaude ile-apaindegiak. Donostiarrei esaten diet euren inguruan begiratzeko eta probatzeko, baina erantzuten didate nitaz hitz egin dietela eta hona etorri nahi dutela. Hain justu, bezero berri bat etortzekoa da Irundik (Gipuzkoa), schnauzer batekin. Txakur-hazleak bidali du niregana. Zortea dut etortzen direnak oso fidelak direlako. Txakur asko nirekin hasten dira eta bizitza guztian jarraitzen dute. Zentzu horretan, gaur egun oso pribilegiatua sentitzen naiz mundu honetan.

Zer zerbitzu ematen dituzu?

Garbitzeaz eta ilea mozteaz edo txukuntzeaz gain, azkazalak moztea, belarriak garbitzea eta uzkiko glandulak hustea beteta daudenean. Bestalde, schnauzer ugari etortzen dira, eta stripping teknika egiten dut, hau da, ilea eskuz kentzea. Ez du jende guztiak teknika hori egiten. Ile gogorra duten arrazek ez dute ilea aldatzen; erortzen ez denez, eskuz kentzen da. Jende askok esaten du makina pasatzeko, baina berez txakurra egon behar duen bezala egoteko, stripping teknika hori egiten da. Kontua da garestiago dela, denbora gehiago eskatzen duelako. Horrelako txakur asko ditut, eta Tolosatik kanpo etortzen diren txakur gehienak horregatik ekartzen dituzte niregana. Teknika egiten jakin behar da, besteak beste, txakurrak minik ez hartzeko. Aukera asko dago, eta bezero bakoitzak erabakitzen du zer zerbitzu hartu.

Erakustaldi-lehiaketetara eramaten dituzu txakurrak eta baita sariak irabazi ere.

Gaur egun, batez ere nire kanixea eramaten dut. Kanixeari gustatzen zaio joatea, eta nik edo nire alabak aurkezten dugu. Teckela ere eramaten dut, baina burugogorra da eta ez zaio horrenbeste gustatzen.

Espainiako Txapelketarako hainbat edertasun erakustaldietan puntuak lortzen joaten zara, eta gero badago erakustaldi bat derrigorrezkoa izaten dena, eta hor nahitaez irabazi egin behar duzu. Kanixearekin Espainiako Txapelketa irabazi berri dut, eta schnauzerrarekin orain bi urte lortu nuen.

Ez dute ezer ordaintzen: nik beti esaten dut afizio oso garestia dela, eta ez didala balio ezertarako, baina onartzen dut gustatzen zaidan mundu bat dela. Asteburua iristerakoan erakustaldi bat badago, bertara joaten naiz, edo bestela Internetetik begira egoten naiz, bertatik bertara egiten den txapelketa izan, edo Ameriketako Estatu Batuetakoa edo Ingalaterrakoa... Azkenean, lortzen duzuna da zure txakurra txapeldun izatearen prestigioa, eta txakur-hazlea bazara, gero kumeak garestiago saldu ahal dituzula. Bestalde, tarteka lagun batzuen txakurrak ere eraman ohi ditut. Egia esan, ez dakit nolatan zaletu nintzen, baina horretan segitzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!