Aldaketak Dama Berdeko biribilgunean

Ataria 2025eko ekainaren 4a

Trafikoa arintzeko eta oinezkoen segurtasuna handitzeko neurriak hartu ditu Tolosako Udalak; semaforoak itzali dituzte, eta argiztatutako seinaleak eta oztopoak jarri dituzte errepidean.

Dama Berdeko biribilgune inguruko semaforoak matxuratu egin ziren duela aste batzuk eta udalak aurreikusi gabeko egoera hori baliatu zuen trafikoan duten eragina ikusi eta aurrera begira bestelako neurririk hartu ote zitekeen baloratzeko. Semaforoak itzalita izan diren garaian, Udaltzaingoak ondorioztatu du arinagoa izan dela bide guztietako trafikoa. Santa Klara kalekoa, Zubi berrikoa, Kondeaneko aldapakoa eta Ibarratik datorren errepidekoa, alegia. «Biribilgune baten funtzioa da ibilgailuen fluxua erraztea eta segurtasuna handitzea errepide hainbaten arteko konexio-puntu batean. Trafikoa autoerregulatzeko joera dute biribilguneek, horregatik semaforoak ordu-tarte batzuetan oztopo izaten ziren. Proba hau egin dugu eta ikusi dugu, hobekuntza batzuk eginda, eraginkorragoa izan daitekeela semaforoak itzaltzea, arinagoa izango delako trafikoa eta auto-ilarak gutxituko dituelako», azaldu du udaltzain buruzagitzak. 

Oinezkoen segurtasunerako neurriak

Trafikoa ez ezik, oinezkoen joan-etorria ere arinduko du aldaketak. Dena dela, segurtasuna hobetzeko neurri gehigarriak hartuko dira, oinezkoen pasabideak dauden puntuetan: oztopoak jarriko dira, baita pasabideen presentziaz ohartarazten duten argiztatutako seinaleak ere. Margotze lanak ere egingo dituzte. Inguru horretan ez ezik, herriko beste puntu batzuetan ere jarri dira azken asteotan gisa honetako ohartarazpen-seinaleak: San Frantzisko pasealekuan eta Larramendi kalean, esaterako.

Trafikoa arintzeko semaforoak kentzearena ez da zerbait berria Tolosan. Arramele zubiko,  San Frantzisko pasealekuko eta Foruen etorbidekoak ere itzali ziren orain bi urte, helburu berarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!