Asteazkenean, ekainak 4, bizikletak elektrifikatzeko tailerra egingo dute Zumardiaundiko Gurpilgunean. 17:00etatik 20:00etara izango da eta izena emateko, tolosakoingurumena@gmail.com helbidera idatzi behar da edo 687 702 049 telefono zenbakira deitu. Klima aldaketaren ondorioak leuntzeko, ezinbestekoa da isurtzen den CO2 kopurua murriztea, eta hori kontuan izanda, herritarrak joan-etorriak bizikletan egitera animatu nahi dituzte, autoa alde batera utzita. Egun horretan eta Tolosaldeko Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, ikasleen topaketa egingo dute Trianguloa plazan. Bertan, programan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek ikasturte honetan mugikortasunaren inguruan landutakoa oinarri hartuta, hainbat tailer egingo dituzte.
Ekainaren 7an, aldiz, landare inbaditzaileak ezagutzeko ibilaldia egingo dute Aranzadi Zientzia Elkarteko Maddi Otamendi Urbiztondo botanikariak gidatuta. Bertan, Tolosako landare inbaditzaileak eta horien eragin kaltegarriak ezagutzeko aukera izango da. 11:00etatik 12:30era, Dama Berdetik hasita.
Babesgune klimatikoak Tolosan
Era berean, Tolosako Udalak identifikatu egin ditu herritarrek bero-boladetan edo hotzaldietan erabili ahal izango dituzten babesgune klimatikoak. Aire zabaleko espazioak edo eraikin publikoak dira, eta tenperatura muturrekoa denean, babes eta konfort termikoa eskaintzen dute. Espazio horiek bestelako erabilerak ere badituzte, baina herritar guztientzat daude irekita, eta erabilera doakoa da.