Elkarretaratzearen bukaeran irakurritako idatzian azaldu dutenez, Itaiako kideek «azken erailketa matxista eta bikarioa salatzeko» elkartu dira: «Indarkeria bikarioa esaten diogu, zuzenean pertsona jakin bati eraso egin ordez hark maitatzen duen pertsonenganako indarkeria gauzatzen denean. Oraingo honetan Bilbon gertatu da, eta 13 urteko neska bat erail du bere amaren bikotekideak. Ezer baino lehen gure babesa adierazi nahi diegu ingurukoei».
Egoera «larria» dela gaineratu dute: «2025ean jadanik 3 izan dira emakume erailak; indarkeria matxistak modu gordinean kolpatzen jarraitzen du emakume langileon bizitza. Egun, gainera, ideia faxisten eta erreakzionarioen gorakada, matxismoaren zabalpena eragiten ari da. Eskuineko posizioek matxismoaren existentzia ukatu eta emakumeon irudi otzana indartzeko saiakera egiten dute etengabe. Horrek guztiak indarkeria matxistaren normalizazioa eragiten du».
Idatzian zehaztu dutenez, «egoera larri honen aurrean posizionatzeko eta erantzun kolektiboa antolatzeko momentua da, emakumeok jasaten dugun indarkeria eta zapalkuntzaren aurrean bi aukera ditugu: matxismoaren konplize izaten jarraitu, edo matxismoaren aurka borrokatu».
Itaiako kideek gaineratu dutenez, «jarrera eta ideia matxisten aurka borrokatzen jarraituko dugu: batetik, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatuz; bestetik, eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzuten». Zentzu horretan, beharrezkoa ikusten dute «matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea, matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratuz eta elikatuz. Guk, horretan lanean jardungo dugu etengabe eta emakume orori borrokara batzeko dei egiten diogu. Indarkeria matxistaren aurka borrokatu!».