Zerkausia kerik gabeko gune izendatu dute

Ataria 2025eko maiatzaren 30a

Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren harira, azken urteetan gune bat izendatu du udalak.

Bihar, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna izango da. Horren harira, Tolosako Udalak azken urteotan herriko zenbait gune kerik gabeko gune izendatu ditu: 2022an Lizardi plaza, 2023an Alondegia plaza eta 2024ean Usabal kiroldegiaren ataria. Aurten, eta iaz egindako herri galdeketaren emaitza kontuan hartuta, Zerkausia izendatu da kerik gabeko gune, ume, nerabe zein helduek sarritan zeharkatzen duten espazioa delako. Gune horietan ez dago erretzea debekatuta, baina bertan ez erretzeko gomendioa egiten da. 
 
Udalak adierazi duenez, kerik gabeko giroak sortzeak tabakoa kontsumitzen hastea prebenitzen du, baita herritarren kearekiko esposizio pasiboa ezabatu ere. Egitasmo horrekin, ingurune osasungarriak lortu eta tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea bilatzen da. Egitasmoak 2015eko Tolosaldea tabako-kerik eta zigarrokinik gabe kanpainan du jatorria eta gaur egun Tolosako prebentzio mahaitik abiatuta, egitasmoa aurrera eramateko xede bera elkarbanatzen duten gizarteko zenbait eragileren arteko lantaldea sortu zen: Minbiziaren Aurka Gipuzkoa Elkarteko psikologoak, Osasun Publikoko teknikariak, Osakidetzako osasun-zentroko ordezkariak eta Tolosako Udaleko prebentzio teknikaria. 

Urtero-urtero lanketa partekatua egiten da Tabakorik Gabeko Mundu Egunaren inguruan eta hainbat jarduera antolatzen dira.
 
Gazteak, erdigunean
 
Kerik Gabeko Mundu Egunean, gazteak antolatutako egitasmoetan parte hartzea bilatzen da, horiek direlako arrisku talde azpimarragarrienetako bat. Hori horrela, Tolosako DBHko hiru ikastetxeetan maiatzean eta ekainean zehar zenbait jarduera antolatu dituzte. Horien artean tabakoaren eta kannabisaren inguruko osasun-heziketa saioak edota tabako-kearen inguruko osasun heziketa. 
 
Jarduera horiek borobildu asmoz, gazteak tabakorik gabeko gune izendatu berri den Zerkausian Marsel magoaren emanaldiaz gozatu ahal izan dute. Magoak, kearekin eta tabakoarekin lotutako magia egin du. Gainera, emanaldiaren ostean, Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatutako jolasean parte hartu ahal izan dute Tolosako 350 ikaslek baino gehiagok.

Minbiziaren Aurkako Elkarteak 2030ean kerik gabeko belaunaldi baten aldeko bere konpromisoa berresten du jarduera horien bitartez. Gainera, tabakorik eta aerosolik gabeko gune berriak sortzen jarraitzeko konpromisoa adierazten du, herritar ororentzako ingurune seguruak bermatzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!