Gehigarria: Ongizatea

Gertutasuna eta konfiantza

Ataria 2025eko ekainaren 1a

Ilarki Elkargoak etxez etxeko laguntza eskaintzen du, pertsonalizatua eta gertukoa, zaintza behar dutenen ongizatea bermatzeko. 30 urte baino gehiagoko esperientziarekin eta 24 orduko arreta zerbitzuarekin, enpatia eta profesionaltasuna uztartzen dituen erreferente bihurtu da.

Gizartea zahartzen ari da, eta bizi-itxaropena handitzen den heinean, gero eta pertsona gehiagok behar dute, gutxi-asko, laguntza, zaintza eta babesa egunerokotasunean. Horixe da Ilarki Elkargoaren helburua: pertsonen ongizatea bermatzea, euren erritmoa eta bizimodua errespetatuz, gertutasunetik eta enpatiatik abiatutako etxez etxeko laguntza eskaintzea.

1986az geroztik darama Kontxi Gonzalezek, irabazi asmorik gabe, zaintza eredu pertsonalizatu eta arduratsua garatzen, eta gaur egun, ia lau hamarkadako esperientzia duen erreferente bat da Ilarki Gipuzkoako hainbat udalerritan.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua

Ilarkiren zerbitzu nagusia etxez etxeko laguntza da, eta argia da bere helburua: erabiltzaileen bizitza erraztea eta hobetzea, haien beharretara egokituz. Laguntza hori, gainera, edozein tokitan eskaintzen dute: erabiltzaile bakoitzaren etxean, ospitalean edo kalean bertan. Mikel Mujika kideak zehaztu du lehentasuna: «Garrantzitsuena da pertsona bakoitzaren egoera eta behar zehatzak kontuan hartzea».

Hori horrela, hainbat egiteko barnebiltzen ditu haien zerbitzuak, horien artean, otorduak prestatzea eta elikadura zaintzea; arroparen eta etxeko garbitasunaren ardura mantentzea; konpainia eta laguntza emozionala; ohetik jaikitzen eta etzaten laguntzea; janztea; paseatzea; garbitasun pertsonalaren zaintza; mediku tratamenduen jarraipena egitea eta osasun zentroetara laguntzea; etxeko segurtasunaren neurriak bermatzea; eta laguntza psikologikoa, besteak beste, egoera emozional zailak kudeatzeko.

Zerbitzua diskriminaziorik gabe eskaintzen diote laguntza behar duen edonori: mendekotasuna duten adinekoei, ezintasunak dituztenei, epe motzeko errekuperazio egoeran daudenei edo, besterik gabe, laguntza puntual bat behar dutenei.

Nola eman pausoa

Zerbitzua abian jartzeko, lehenik eta behin, elkarrizketa prozesu bat abiatzen dute, non erabiltzailearen egoera aztertzen duten. Bezeroak telefono bidez edo zuzenean bulegoan jartzen dira harremanetan, eta askotan, udaleko edo osasun zentroetako gizarte zerbitzuek ere bideratzen dituzte kasuak.

Ilarkik «enpatia sakona» du abiapuntu: jakitun dira laguntza eske joatea ez dela beti erraza, eta askotan baliabide ekonomikoak mugatuak izaten direla. Horregatik, elkargoak kasu bakoitza banaka aztertu eta zerbitzu pertsonalizatu bat diseinatzen du, benetan egokiena den irtenbidea eskainiz.

Horren ondoren, zaintzaile egokiena izendatzen da, eta «komunikazio eraginkorra» eta konfiantzazko harremana sustatzen dituzte erabiltzailearen eta zaintzailearen artean.

Gertutasuna, ezaugarri bereizgarria

Ilarki ez da enpresa arrunt bat. Komunitatearekin lotura estua duen elkargo bat da, eta bere jarduna ez dago irabazietan oinarrituta, pertsonen bizi-kalitatean baizik. Horren erakusle da elkargoak parte hartzen duela, besteak beste, Mugi Tolosa proiektuan. Horrez gain, irabaziak elkargoaren barnean banatzen dituzte: langileen soldatak, prestakuntza eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko inbertsioak finantzatzeko.

Rebeka Romanek azaldu du balio horiek islatzen direla erabiltzaileei eskaintzen dieten zerbitzuan: «Harreman pertsonala, hurbiltasuna, entzute aktiboa eta konfiantza dira lanaren oinarriak. Bezero bakoitzarekin harreman berezi bat sortzen da, zaintza ez baita soilik zeregin praktikoen multzo bat: harreman afektiboa eta gizatiarra ere bada».

Profesionaltasuna oinarri

Langileen lan-baldintzak zaintzea funtsezkoa da Ilarkirentzat. Hori dela eta, formakuntza etengabea eskaintzen dute etxez etxeko laguntzaren arloan, langileek egoera desberdinetan jarduteko baliabide egokiak izan ditzaten.

Formazio hori lanbidea profesionalizatzeko tresna izateaz gain, zaintzaileek konfiantza handiagoa sentiarazten die erabiltzaileei, eta zerbitzuaren kalitatea ere hobetzen du.

Arreta zerbitzua 24 orduz

Zaintza prozesuan gerta litezke ustekabekoak edo larrialdiren bat. Horregatik, Ilarkik 24 orduz erabilgarri dagoen telefono zerbitzua eskaintzen du, larrialdietan eta bestelako premietan ere erantzuteko prest. Zerbitzu honek lasaitasuna ematen die bai erabiltzaileei bai haien senideei, bermatuta baitute edozein momentutan laguntza jasoko dutela.

Ilarkik argi dauka: zaintza ez da zerbitzu tekniko bat bakarrik, harremanetan eta konfiantzan oinarritutako prozesu bat baizik. Horregatik, eguneroko lanean, enpatia, gertutasuna eta profesionaltasuna uztartzen dituzte, pertsona bakoitzaren beharrak duintasunez eta errespetuz erantzuteko.

Ilarki Elkargoa


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!