Mirua taldearen 'Miruenea' diskoa kalean da

Ataria 2025ko mai. 30a, 12:16

Haurtzarotik lagun izan dituzten erreferentzia ugari jasotzen ditu tolosar taldearen lehen diskoak.

Maitane Iruiñ eta Malentxo eta Mattin Zeberio tolosarrek osatzen duten taldeak lehen disko luzea argitaratu du: Miruenea. Taldekideek esan dutenez, haurtzarotik lagun izan dituzten erreferentziak eta oraindik ere beren jakin-nahi agortezinarekin deskubritzen jarraitzen dituztenak ezagutzera gonbidatzen dituzte entzuleak. Baita bere oroitzapen, amets eta bizipenak ezagutzera ere.

Disko honek mugarria ezartzen duela taldearen ibilbidean adierazi du Oso Polita diskoetxeak: «Mugaz gaindi edo Salda Badago bezalako aurrerapen kantuekin Euskal Herriko talde sendo eta nabarmenetako batean bihurtzea iragartzen bazuten, jada ez da zalantzarik gelditzen. Gutxi dira euskal folklorearen sustraien eta orainaren arteko hain zubi sendo eta originala eraikitzeko gai direnak».

Bada, Miruenea diskoa aipatutako bi aurrerapen abestiekin hasten da. Berritasunak hirugarren abestian hasten dira Guda dantza-rekin, instrumentazioz beteriko anbizioari buruzko abestiarekin, non album hau egiteko motibazioa zein den islatzen duen. Diskoak Lau Begi Eder abestiarekin jarraitzen du, non TOCekin elkarlanean, Miruak bere alderik rockeroena ateratzen duen. Tracklist-aren unerik intimoenetako bat dator ondoren, Kolpatzear den aizkora abestiarekin, galerari buruz hausnarketa egiten dutelarik. Ondoren Morroxko dator. Bertan, tonu dibertigarria berreskuratuz, Hernaniko parranda gau dibertigarri bat kontatzen dute arin arin erritmoan. Gauerdiko kantorea-n  Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberioren elkarlana dute, eta Bihotz bat abestiarekin, tradizioaren eta sustraien garrantziari buruzko hizkuntza metaforikoan hausnartzen dute.

Azken traka Hoferen lankidetzarekin dator. Hain justu, Loreak Mendian-izeneko abestian, non desamodio istorioa kontatzen duten. Artilea-k Mattinen ahotsean islatzen du album osoa besarkatzen duen iraganaren eta orainaren arteko zubiaren metafora, eta Zazpiak bat-en, orainaldira dakarte Tapia eta Leturiaren Loiolako Porrusalda enblematikoa, azken hamarkadetan euskal folklorea ordezkatzen duen kuadrilla batekin: Leturia, Kiliki, Maixa eta Leire Leturiarekin batera.

Bada, dagoeneko plataforma digital guztietan dago entzungai Mirua taldearen Miruenea diskoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!