Igandean zabalduko dute Tolosanklisk lehiaketara aurkezteko epea

Ataria 2025eko maiatzaren 30a

Aurtengo egutegiko azaleko argazkia: Lur Zaldua Aristiren 'Bizitzaren aldapak'.

Tolosako Udalaren 2026ko egutegia osatzeko antolatzen dute Tolosanklisk argazki lehiaketa. Edizio honetako gaia 'Belaunaldiak' da.

Igandean, ekainak 1, irekiko du Tolosako Udalak Tolosanklisk lehiaketara aurkezteko epea eta irailaren 30a bitarte egongo da zabalik. Udalaren egutegiko irudiak aukeratzeko egiten duten argazki lehiaketa da Tolosanklisk eta 2026ko egutegia osatzeko Belaunaldiak da aukeratu duten gaia.

Lanak tolosanklisk.tolosa.eus webgunera igo behar dira eta parte hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki aurkeztu ahal izango ditu, etzanak edo horizontalak, eta 2 eta 10 Mb arteko pisua dutenak. Argazkietan, lehenengo edo erdiko planoan, norbait azalduko balitz, pertsona horren baimen esplizitua aurkeztu beharko da.

Epaimahaiak urrian emango du erabakiaren berri, eta hautatu dituzten lanekin osatuko da 2026ko egutegia. Irabazle nagusiak 600 euroko saria jasoko du, eta bere argazkia agertuko da azalean. Horrez gain, hilabete bakoitzeko beste saridun bat izango da. Kasu horretan, 200 euroko saria eskuratuko du autore bakoitzak. Egutegiak inprimatu ostean, azaro amaiera edo abendu hasiera aldera egingo dute banaketa. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!