Ekaina heltzearekin batera, udako eskaintza sartuko da indarrean Usabal kiroldegian. Igande honetatik aurrera, ekainak 1, kanpoko igerilekua ere zabalik izango da, irailaren 20ra bitarte.
Kanpoko igerilekuaren kasuan, ordutegia aste osoan zehar berdina izango da: 10:00etatik 20:30era. Ixteko ordua baino zertxobait lehenago hasten dira materiala biltzen, etzaulkiak esaterako. Kiroldegiko langileek hori errespetatzeko eskatu dute.
Kanpoko eremu horretan, aurten, itzalgune gehiago jarri dituzte. Aldaketa nagusia, ordea, sarbidean egongo da: arratsaldeetan langile bat egongo da bertan. Modu horretara, eguneko sarrerak eta bonuak bertan ere erosi ahal izango dira, sarrera nagusira joan gabe.
«Errespetuz jokatu»
Denen artean elkarbizitza lantzeko, jokabide onen dekalogo bat landu du kiroldegiak. Besteak beste, higienea zaintzeko, zaborra gutxitzeko edo beste erabiltzaileak errespetatzeko arau eta gomendioak jasotzen ditu.
Azpimarra berezia jarri dute Tolosako Udalak eta Kiroldegiak jan-edanean: «Plastiko, goxoki, pipa-azal, lata... Egunaren amaieran kanpoko espazioetan zabor ugari egoten da botata. Eskatzen dugu arreta jartzea eta arduraz jokatzea. Pipak, esaterako, ezin dira jan kanpoko espazioan, oso zaila egiten baita hori garbitzea. Gure esku dagoena egiten ahaleginduko gara hori gerta ez dadin, baina denon esku ere badago. Gainerako erabiltzaileekiko ez ezik, langileekiko ere begirune hori izatea eskatzen dugu», azaldu dute Ana Goenaga kiroldegiko kudeatzaileak eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak.
25 ikastaro eta jarduera, uztailean eta abuztuan
Udako oporraldian kirola egiteko ikastaro eta jarduera eskaintza ere osatu du kiroldegiak. Orotara, 25 ekintza eskainiko dira, uztail eta abuztuan, hiru adin tartetan banatuta. Eskaintza osoa, ordutegi eta tarifak hemen daude ikusgai.
- 14 urtetik gorako gazte eta helduei zuzenduta hamabi jardura izango dira; besteak beste, pilates, cycling, padel/tenis eskola, Kfit edota igeriketa.
- 13 eta 16 urte bitarteko gazteek ere beste lau ikastaro izango dituzte: Kfit-gazte, cycling, padel/tenis eskola eta multiekintzak. Azken horretan, astelehenetik ostiralera, bi astez, zenbait kirol-diziplina jorratuko dituzte.
- 13 urtetik beherako haurrentzat zazpi ekintza izango dira: igeriketa, dantza-eskola, kirol-ludoteka, futbol-kanpusa, padel/tenis eskola, arrauna eta goiz-txokoa. Astelehenetik ostiralera egunero eskainiko dira. Kiroldegiko tabernan bazkaltzen geratzeko aukera ere eskainiko da.
Izena emateko aukera dagoeneko zabalik da: horretarako, 943 53 64 00 telefonora deitu ahal izango da, baita Usabal Kiroldegira bertaratu ere.
Herriko kirol-taldeek ere eskaintza hori osatuko dute, kanpus, ikastaro eta jarduerak antolatuko baitituzte. Esate baterako, Saskibaloi kanpusa TAKEk eta ikastaro andana Zumardia elkarteak.