Musikaren bitartez garuna estimulatzeko saioak, adinekoentzat

Ataria 2025eko maiatzaren 30a

Xabier Lizaso musikaria. Argazkia: Orioguka.eus

Ekaina eta abendua bitartean, adinekoen kognizio-kaltearen prebentziorako 'Do, Re, Ni' estimulazio-saioak izango dira Tolosan, Iturriza elkarteak Alondegian duen egoitzan; ekainaren 2tik 6ra egongo da zabalik izen ematea.

Tolosako Udalak, Iturriza elkartearekin elkarlanean, Xabier Lizaso musikariaren metodoan oinarritutako Do, Re, Ni egitasmoa antolatu du, bigarren aldiz. Iaz jarri zuten martxan proiektua, adineko pertsonei zuzenduta, zehazki, 60 urtetik gorakoei. Musikan eta mugimenduan oinarritutako talde-dinamikaren bidez, garuna indartzea da egitasmoaren helburua. «Jarduera honek ongizatea sustatzen du modu prebentiboan, ohitura osasuntsuak eta elkarren arteko harremanak indartuz, eta baliagarria da Alzheimerra eta bestelako dementzien eragina atzeratzeko», azaldu dute antolatzaileek.

Guztira, 23 saiok osatzen dute egitasmoa; guztiak, Iturriza elkarteak Alondegian duen egoitzan egingo dituzte. Lehenengoa, ekainaren 9an, astelehena, izango da, 09:00etatik 10:30era; banakako elkarrizketak egingo dituzte parte hartzaileekin. Bigarren saioa astebete beranduago izango da, hilaren 16an, eta ordutik aurrera, astelehenero egingo dituzte taldeko saioak, ordu berean, abendura bitarte.

  • Saioen egutegia:
    • Ekaina: 9, 16, 23 eta 30.
    • Uztaila: 7, 14, 21 eta 28.
    • Abuztua: 4 eta 18.
    • Iraila: 1, 8, 15, 22 eta 29.
    • Urria: 6, 13, 20 eta 27.
    • Azaroa: 3, 10, 17 eta 24.
    • Abendua: 1.

Egitasmoan parte hartzeko, beharrezkoa da aurrez izena ematea. Ekainaren 2tik 6ra bitarte egin ahal izango da hori, 670 985 927 telefono zenbakira deituta. Gehienez 20 laguneko taldea osatuko dute, eta kanpoan gelditu litezkeen interesdunekin itxaron-zerrenda osatuko lukete.

Oinarri zientifikoa

2020an, Osakidetzako profesionalekin batera egindako ikerketa baten bidez, Do, Re, Ni metodoaren onurak frogatu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz. Emaitzek baieztatu zuten estimulazio kognitibo naturala, onuragarria eta albo-ondoriorik gabekoa dakarrela. Kognizioaren narriadura prebenitzeko kontzientzia areagotzen eta garunaren garapen optimoa lortzeko jarduera fisiko eta mentalaren garrantzia azpimarratzen laguntzen dute saioek. Buru-osasuna eta gorputz-osasuna hobetzeko ohiturak barneratzea sustatu nahi du prebentzio-programa gisa sustraitzea eta sendotzea helburu duen egitasmo honek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!