Astelehenean jakinarazi zuen Emmoa fundazioak Euskal Mendizaletasunaren Museoa Azpeitiko Mendietxen kokatuko duela behin-behinean, nahiz eta Tolosako Udalak 2022tik erabakita duen museoa Tolosako Arkaute etxean kokatzea. Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi du orduan hartutako konpromisoari ez diotela uko egin, baina tamaina honetako proiektu bat egiteko bidea ezin duela udalak bakarrik egin. «Nazio ikuspegiko proiektu bat egiteko beharrezkoa da maila goragoko erakundeen babesa».
Maiatz hasieran jakinarazi zion Emmoak udalari hiru urtetarako Mendietxera joateko asmoa zuela. Erabaki hori jakin ondoren, zenbait ondorio atera ditu alkateak, eta esan du galderak sortu zaizkiola: «Gainerako erakundeek zergatik ez dute babestu Tolosan alderdi guztiek adostutako proiektua eta, orain, aldiz, bai Mendietxekoa? Bideragarria al da 30 kilometroko tartean, mendiari eskainitako bi museo egotea gurea bezalako nazio txiki batean?». Dagoeneko alkateak adierazi dio bere kezka Emmoa fundazioari eta galdetu dio ea zertan geratzen den Arkauteko proiektua, ez baitu erraza ikusten behin Azpeitira joanda eta Aldundiaren babesa jasota, Tolosara itzuliko denik museoa.
Martinez de Rituertok uste du Emmoak urte luzez landu eta pilatu duen ondareari balioa eman behar zaiola eta adierazi du pertsonalki «gogoa eta ilusioa» zuela proiektua Tolosara ekartzeko. Baldintza hauetan zaila ikusten du ordea. «Gure herriak baditu beste premia batzuk. Eraikina egokitzeko udalak, berak bakar-bakarrik, halako inbertsioa egin behar badu uste dut herritarrei bideratuagoa beharko lukeela».
Oposizioaren kritika
Fundazioak Azpeitira joateko erabakia publiko egin aurretik EAJren udal taldeak Arkaute etxeko proiektuari buruz galdetu zion udal gobernuari eta eskatu zion alperrik galtzen ez uzteko; jeltzaleen ustez udalak baditu nahikoa baliabide proiektuarekin aurrera egiteko. Behin asteleheneko erabakia jakin ondoren, Xarles Iturbe EAJko bozeramaleak esan du Tolosak euskal mendizaletasunaren erreferente izateko aukera galdu duela: «Azpeitiak ahal badu, Tolosak zergatik ez? Proiektuak hiltzen utzita ez dago etorkizunik. Gure herriak kudeaketa arduratsu eta eraginkorra merezi du». Jeltzaleek esan dute ez dutela babestutako ondarea hutsik eta ahaztuta ikusi nahi eta iritzi dio ondarea bizirik mantentzeko oraindik garaiz daudela.
Alkateak EAJren esana «betiko mantratzat» hartu du eta, udal gobernuak proiektua hiltzen utzi baino, beste batzuek hiltzen ez ote duten utzi galdetu du. Berretsi du euren postura: «Arkaute etxeari bizi bat eman nahi diogu eta haren etorkizuna bermatu; Mendizaletasunaren Museoa hartzeko ez bada, beste zerbaitetara bideratzeko udalak berdin-berdin egin beharko du antzeko inbertsioa».
Proiektuaren bilakaera
2022ko abenduan adostu zuten alderdi politiko guztiek museoa Arkauten kokatzea eta konpromiso hori irudikatzeko sinadura ekitaldia egin zuten. Bi ziren hartutako konpromisoak: etxea lagatzea eta eraikina egokitzea –600.000 euroko aurrekontuko obra–. Oposizioan egonagatik asmoa babestea erabaki zuela aipatu du Martinez de Rituertok, eta «etengabe» adierazi ziola gobernuari halako inbertsio bat egiteko bideragarritasun plan baten beharra.
Mendi federazioek abiatu zuten exekuzio proiektuaren idazketa, baina haien arkitekto eta udaleko arkitekto taldeen arteko desadostasuna «erabatekoa» zela esan du alkateak. 2023an gobernura iristerakoan egoera bideratzen saiatu zirela aipatu du eta oinarrizko proiektua egiteko enpresa bat kontratatzea erabaki zutela. 2024ko martxoan adierazi zuen enpresak obraren exekuzioak 1,5 milioi euroko aurrekontua izango zuela –kopuruari beste 140.000 euro gehitu behar zaizkio, exekuzio proiektuaren eta obra zuzendaritzaren kostua–. Hasierako zifra nabarmen handitu zela ikusita, iazko maiatzean jakinarazi zuen Emmoak museoaren proiektua geldituko zuela. «Ekainean beste gutun bat bidali nien gure konpromisoa berretsiz –600.000 euro artekoa– eta azalduz hortik aurrerako kopurua lortzeko ezinbestekoa zela bideragarritasun plan bat egitea, beste erakundeetara ate joka joan ahal izateko».
2024ko urrirako prestatu zuten bideragarritasun plana eta dokumentua eskuetan hartuta ekin zioten sinergiak topatzeari. Alkateak azpimarratu du, oraingoz, ez dutela erantzun bakar bat ere jaso. Hala ere, Emmoatik proiektua faseka garatzeko proposamena onartu eta udazkenean proiektuarekin aurrera egitea erabaki zutela esan du; alegia, hasieran aurreikusitako aurrekontuarekin obrei ekitea, eta aurrera egin ahala, finantziazio gehiago lortzeko ahaleginak egiten jarraitzea.
Tarte honetan, udaleko Hirigintza sailean lanak aurrera ateratzeko zailtasunak izan dituztela aitortu du udal gobernu buruak eta esan du arazoaren berri eman eta apirilerako exekuzio proiektuko pleguak aterako zituztela jakinarazi zitzaiola Emmoari. Data hori iristerako, ordea, behin-behinean Mendietxera joateko eskaintza onartzea erabaki du fundazioak.