Andu Martinez de Rituerto, Euskal Herriko alkateen artean puntuazio altuena jaso duena

Ataria 2025eko maiatzaren 28a

EITB Focusen azken inkestaren arabera, 6,9ko nota jaso du Tolosako alkateak, eta herritarren %93,8k ezagutzen du.

EITB Focusek egindako azken inkestaren arabera, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatea (EH Bildu) da Euskal Herriko alkateen artean balorazio altuena jaso duena. 6,9ko nota jaso du, eta inkestako datuen arabera, herritarren %93,8k ezagutzen du. Atzetik ditu Asier Iragorri Basauriko alkatea (EAJ) eta Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkatea (EH Bildu), biak ere, 6,7ko notarekin.

Udalerri ertainetako alkateena ez ezik, hiriburuetako alkateen puntuazioa ere jasotzen du inkestak. Datuen arabera, hiriburuetako alkateak oso ezagunak dira, baina herritarrek jarritako notak ez dira hain positiboak. Joseba Asiron Iruñeko alkateari (EH Bildu) jarri diote nota onena: 5,8. Herritarren %95,8k ezagutzen du Asiron. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea (EAJ) dago bigarren postuan, 5,4ko notarekin; herritarren ezagutzari dagokionez, puntuazio bera dauka: %95,8.

Beste bi alkateek ez dute 5eko nota lortu. Gasteizko alkate Maider Etxeberriari (PSE-EE) 4,8ko nota jarri diote. Eneko Goia Donostiako alkateari (EAJ), berriz, 4,5eko nota. Datuen arabera, herritarren %93,4k ezagutzen du Etxeberria; Goia, berriz, %99k.

3.871 elkarrizketa

Bizitokia EAEn eta Nafarroan duten 3.871 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko: 871 Araban, 1.200 Bizkaian, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan. Galdeketak maiatzaren 5etik 21era bitartean egin zituzten, telefonoz.

Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean kontsultatu daitezke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!