Egiteke zuen azken inbertsioa gauzatu du BPXport enpresak

Ataria 2025eko maiatzaren 28a

Berazubiko tenis pistetan, atzo, lanean.

Berazubi estadioko tenis pisten zorua aldatzeko lanekin hasi dira. Hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.

Berazubi estadioan dauden tenis pisten zorua aldatzeko lanak abiatu zituzten atzo. Bi pista konponduko dituzte: bata Paper kalearen alboan dagoena, eta bestea, ibaiaren aldekoa. Azken horren alboan saskibaloian jokatzeko dagoen guneko zorua ere aldatuko dute.

Lehenik eta behin materiala garraiatu eta lanak abiatzeko egokituko dituzte guneak; ondoren, zorua altxako dute, eta horren ondoren hasiko dira berria egiten. Gutxi gorabehera hilabeteko epea beharko dutela lanak egiteko aurreikusi dute, eta denbora horretan ez dira erabilgarri egongo pistak. Tolosako Udaletik esan dutenez, gainerako instalazioen erabiltzaileei ez diete eragingo lanek, nahiz eta unean uneko afekzioren bat egon daitekeen.

Tolosako kirol instalazioen kudeaketarako kontratua deuseztu zen unean egiteke geratu zen inbertsioetako bat da tenis pistena. BPXport, kontratu haren enpresa emakidadunak, inbertsio horiek guztiak gauzatzeko konpromisoa hartu zuen. Bada, udalarekin eta Kirolzer enpresa kudeatzaile berriarekin horrela adostuta, egiteke zeuden bi lanak atzeratu ziren: Beotibar pilotalekuko sarea berritzearena (otsailean egin zen), eta tenis pisten zorua aldatzearena. Azken lan honetarako eguraldi lehorragoetara itxaron dute lanekin abiatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!