Garbiketa lanak egiten ari dira ibaiertzetan

Ataria 2025eko maiatzaren 28a

Ikasle bat, martxoan egin zen garbiketako une batean.

Oria eta Araxes ibaietako ertzak garbitzen ari dira herriko zenbait gunetan; ibaiertzeko landare inbaditzaileak identifikatzeko azterketa abiatuko du udalak Aranzadirekin, eta ondorioen arabera, aurrerago kimatu egingo dituzte.

Oria eta Araxes ibaien ertzetatik hondakinak garbitzeko lanak abiatu zituzten atzo, Tolosan. Martxoan, hiru ikastetxeetako ikasleek egin zuten garbiketa; orain, berriz, haiek iritsi ezin diren puntuetako hondakinak biltzen eta beste zenbait eremu garbitzen ari dira. Astebete inguru arituko dira lanean, guztira sei puntutan: Aldabatxiki auzora doan bidearen alboan, Olarrain auzoan, Usabal industriagunearen inguruan, Berazubi inguruan, Andre Maria elizaren atzealdean, eta Belatetik Donostia etorbiderainoko tartean. 

Aldi berean, Oria ibaiaren herriguneko landare inbaditzaileen kartografia eguneratuko du udalak, Aranzadi Zientzia elkartearekin batera. Aurrera begira, informazio hori erabiltzea da asmoa, kendu daitezkeen landare horien erauzketa lanak egiteko. Erauzketa, baina, uda partean egingo da, landareak loratuta egoten direnez, aproposagoa baita garai hori.

Udalak adierazi duenez, espezie horiek erauztea «funtsezkoa» da, uretako ekosistemak babesteko eta oreka ekologikoari eusteko. «Inbaditzaileek bertako landaredia kanpora dezakete, habitat naturalak aldatu eta ziklo hidrologikoei eragin. Horrek zuzenean eragiten die uraren kalitateari, biodibertsitateari eta ibaiertzen egonkortasunari», azaldu dute. «Landare inbaditzaileak desagerrarazteak, ibaietako ekosistemen osasuna leheneratzen laguntzeaz gain, hainbat arazo prebenitzen ere laguntzen du; hala nola uholdeen aurrean babesa eskaintzen du, eta higadura murrizten ere lagundu dezake», gaineratu dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!