Atzo egin zen publiko Emmoa Fundazioaren Euskal Mendizaletasunaren Museoa Azpeitiko Mendietxen kokatuko dela behin-behinean. Tolosako Udalak duela aste batzuk jakin zuen horren berri, baina diskrezioagatik, ofizialki iragarri arte gorde dituzte azalpenak. Orain, «proiektuarekin jarraitu dituzten urratsak zeintzuk izan diren azaltzeko beharra» sentitu duela adierazi du Andu Martinez de Rituerto alkateak, gutun batean. «2022an, oposizioan ginela, museoa Tolosan, Arkaute etxean, kokatzeko aukera planteatu zigun udal gobernuak. Erabakia hartu aurretik, udalaren konpromisoen nondik norakoen inguruan galdegin genuen; bi ziren: etxearen lagapena eta eraikina egokitzeko obrak. Eman ziguten informazioaren arabera, 600.000 euro inguruko aurrekontua zuten lanek», esanez hasi da.
Taldean «ondo» hausnartu zutela adierazi du alkateak. Garai hartan esku artean zuten informazioaren arabera, «diru ekarpen handia» izan arren, oniritzia eman zioten, «nazio ikuspegiko halako proiektu bat gure herriarentzat aberasgarria izan zitekeelakoan. Hori bai, etengabe adierazi nuen halako inbertsio bat egiteko bideragarritasun plan bat beharrezkoa zela. Konpromiso hori irudikatzeko sinadura ekitaldia ere egin genuen».
Alkateak adierazi du, prozesua azkartzeko, mendi federazioek «exekuzio proiektua finantzatzeko beren burua eskaini» zutela. «Zalantzagarria izan zen prozedura, ez baitzen hitzarmenik egin alde guztien artean. Udaleko arkitektoek ez zuten begi onez ikusi proiektua, eta ezinegona areagotu zen, arkitektoen elkargoan proiektua erregistratu zenean, udal teknikarien oniritzirik gabe», gehitu du.
Desadostasuna eta zifra igoera
Egoera horretan heldu zen udal hauteskundeen ondorengo gobernu aldaketa. «Bada, agintea hartu berritan, federazioko eta udaleko arkitekto taldeen arteko desadostasuna erabatekoa zen», nabarmendu du alkateak, eta gaineratu du «egoera bideratzea» izan zela bere lehen helburuetako bat. Hirigintza Sailak oinarrizko proiektua egiteko enpresa bat kontratatzea proposatu zuen, eta irailetik aurrera, enpresa hori elkarlanean aritu zen Emmoarekin eta udal teknikariekin. «Abenduan, ordea, gure sorpresarako zera ondorioztatu zuen enpresak: baxuegia zela ordura arteko aurreikuspena. Zifra nabarmen igoko zela aurreratu ziguten», esan du Martinez de Rituertok.
Hori ikusirik, eta hurrengo urratsak «segurtasunez» eman nahian, gutun bat igorri zion alkateak Emmoari, egoeraren berri emateko eta bideragarritasun planaren «garrantzia» berresteko. «Era berean, eta inbertsioa nabarmen igoko zela ikusita, kanpo finantziazioa topatzeko beharraz ohartarazi nien. Erakundeetara laguntza eske joateko lidergoa hartzeko prestutasuna ere azaldu nuen, nahiz eta hori, berez, Emmoaren betebeharra izan».
2024ko martxoan amaitu zen oinarrizko proiektua, eta alkateak adierazi du aurreratu zietena berretsi zela: «zifrak erabat aldatu ziren. Obraren exekuzioak 1.500.000 euroko aurrekontua zuen; exekuzio proiektuaren eta obra zuzendaritzaren kostua, berriz, beste 140.000 eurokoa zen», azaldu du.
Martinez de Rituertok esan du maiatzean, handik bi hilabetera, jakin zuela proiektu museistikoa gelditu zuela Emmoak. Hori dela eta, ekainean beste gutun bat bidali zien, udalak hartutako konpromisoa –600.000 eurora artekoa— berresten zuela adierazteko. «Beste erakundeetara ate joka joateko, ordea, bideragarritasun plana eskuratzea ezinbestekoa zela nabarmendu nuen beste behin», gaineratu du.
Azkenean, 2024ko urrian jaso zuen udalak plan hori, eta dokumentua eskuetan izanda, sinergiak topatzeari ekin ziotela esan du alkateak: «Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailera, Kiroletako zuzendaritzara, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailera jo genuen. Gaur gaurkoz, inork ez digu erantzun bakar bat bera ere eman».
Azpeitiko museoa
Tartean, 2024ko azaroan, Mendietxe museoa inauguratu zuten Azpeitian, Alex Txikonek sustatuta. «Aurrez, Txikonek eskaini zion Emmoari bertan egoteko aukera, baina ez zen aurrera atera», nabarmendu du Martinez de Rituertok.
Garai horretan, Emmoatik proiektua faseka garatzeko aukera planteatu zutela gogoratu du alkateak: «Hau da, hasieran aurreikusitako aurrekontuarekin obrei ekitea, eta aurrera egin ahala, finantziazio gehiago lortzeko ahaleginak egiten jarraitzea. Proiektuarekin aurrera egitea erabaki genuen, eta halaxe aitortu nuen publikoki iazko urriko osoko bilkuran».
Martinez de Rituertok aitortu du Hirigintza sailean «ezohiko egoera» izan dutela, eta «zailtasun asko» izan dituztela une askotan lana aurrera ateratzeko. «Arazo horrek ez dio soilik proiektu honi eragin», azpimarratu du. «Emmoari arazo horren berri eman genion, baita apiriletik aurrera egoera hobetuko zela esan ere eta, orduan bai, pleguak atera ahal izango genituela exekuzio proiektua egiteko. Behin-behinean, Idiakez jauregian jartzeko aukera ere aztertu genuen, baina bertan aurki egingo dituzten obrak medio, ez genuen bideragarritzat jo».
Alkateak esan du Emmoak martxoaren erdialdera aurreratu ziola Txikonek Mendietxera joateko eskaintza errepikatzen ziela. «Maiatzaren hasieran jakinarazi zidaten hiru urterako Azpeitiara joango zirela. 400 metro karratuko espazio bat eta sotoaren zati bat beren esku izango dituzte, urtean 16.000 euroko alokairu baten truke».
Hori ikusita, Arkauteko proiektua zertan geratzen zen galdetu zion Martinez de Rituertok Emmoari, eta kezkatuta zegoela esan ziela ere aitortu du, zaila ikusten duelako behin hara joanda eta Aldundiaren erabateko babesa jasota, gerora Tolosara itzultzea.
Zenbait galdera eta oposizioaren «kritika»
Behin honaino iritsita, alkateak zenbait ondorio atera dituela esan du, baina baita galderak sortu zaizkiola ere: «Nagusiena da udal batek ezin duela bakarrik egin nazio ikuspegiko proiektu bat, beharrezkoa dela maila gehiagotako erakundeen babesa. Tolosan gertatu zaiona, Emmoari lehenago ere gertatu zitzaion beste leku batzuetan. Bideragarritasun planeko aurrekarietan jasoa dagoen bezala, Tolosan egitea planteatu aurretik, Elgetan, Arantzazun, Durangon, Donostian eta lehenago ere Azpeitian saiakerak egin zituzten. Gehienetan finantziazio faltagatik bertan behera geratu zen. Ez ote da erakundeen babes falta izan proiektu honek izan duen trabarik handiena? Tolosako Udalak, alderdi guztion adostasunez, apustua egitea erabaki ostean zergatik gainerako erakundeek ez dute babestu eta, aldiz, orain Mendietxe bai? Bideragarria da mendiari eskainitako bi museo egotea, 30 kilometroko tartearekin, gurea bezalako nazio txiki batean?».
Gutuna kontatzera zihoala, alkateak esan du «oposizioak egindako kritika» irakurri duela sare sozialetan eta komunikabideetan. «Nonbait proiektua hiltzen utzi dugu, ala hiltzen utzi dute, diot nik, eta udal gobernuak kudeaketarako gaitasun eza izan duela. Betiko mantra: fin-finak omen haiek, gainerakook hutsaren pareko».
Alkateak esan du 2022ko abenduan hartutako konpromisoari ez diotela uko egin. Eusten jarraitu dutela. «Emmoak urte luzez landu eta pilatu duen ondareari balioa eman behar zaiola uste dut. Baina berriz diot, Tolosako Udalak ezin du bide hori bakarrik egin», nabarmendu du. «Eta, bai, guk ere Arkaute etxeari bizia eman nahi diogu, bere etorkizuna bermatzeko. Mendizaletasunaren Museoa hartzeko ez bada, beste zerbaitera bideratzeko udalak berdin-berdin egin beharko luke antzeko inbertsioa. Baina, udalak bakar-bakarrik halako inbertsioa egin behar badu, uste dut herritarrei bideratuago beharko lukeela. Gure herriak, eta herritarrek ere, badituztelako beste premia batzuk», gaineratu du.
Amaitzeko, proiektu hau Tolosara etor zedin, pertsonalki «gogo eta ilusio handia» zuela eta izaten jarraitzen duela aitortu du. «Mendizalea naiz eta mendia maite dut, Emmoako lagunak miresten ditut, eta, 2000-2004 urteen artean, Euskal Mendi Federazioko idazkari ere izan nintzen. Baina, gogo eta ilusio pertsonal guztien gainetik dago kudeaketa zorrotza, alkate bati egitea dagokiona».