ELKARRIZKETA

«Helburua gazteon interesak asetzen dituen egun bat antolatzea da»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko maiatzaren 29a

Tolosako Gazte Asanbladako Urko Iturrioz eta Ainhoa Ugarte kideak, Lapurdi plazan. TGA

Tolosan ekainaren 7an ospatuko dute, aurten, Gazte Eguna. Beste urte batez Tolosako Gazte Asanbladak antolatu du eta askotariko jarduerak prestatu dituzte, besteak beste, boleibol txapelketa, mahai ingurua eta bazkaria.

Tolosan datorren asteko larunbatean ospatuko dute Gazte Eguna. Tolosako Gazte Asanbladak (TGA) antolatu du eta, aurten, Lapurdi plazan egingo dute. Ainhoa Ugarte eta Urko Iturrioz dira antolatzen aritu diren gazteetako bi, eta egitarauaren zenbait xehetasun aurreratu dituzte.

Kirolari eta antolakuntzari buruzko mahai inguru batekin hasiko duzue eguna. Zer topatuko du joaten denak?
Ainhoa Ugarte
. Kirolaren eta antolakuntzaren inguruko hainbat gaztetxetako esperientziak aurkeztuko dituzte bertan. Eta kirolaren inguruan zenbait hausnarketa ere garatuko dira: kirolak gizartean zein eragin duen, gaur egun sozializatzeko zein funtzio duen eta baita harremanetan zein rol izan dezakeen ere.

Urko Iturrioz. Hori guztia garatzeko zenbait gonbidatu ekarriko ditugu inguruko gaztetxeetatik: Ibarrako Gazte Asanbladatik emango dute Ibarrako Mendi Taldearen berri, Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxetik Futbito txapelketako antolatzaileak etorriko dira, eta TGAtik Egurra borroka taldeko kide bat ere egongo da.

Egun osoko egitaraua izango da. Zein beste hitzordu nabarmenduko zenukete?
Iturrioz.
Mahai-ingurua benetan interesgarria izango da eta, horrez gain, kontuan hartzeko hitzorduak boleibol txapelketa eta bazkaria izango dira.

Zergatik erabaki duzue aurten gai horiei heltzea?
Ugarte. Kirola pil-pilean dago, eta gero eta presentzia handiagoa hartzen ari da gazteon artean ere. Horren aurrean beharrezkoa da gaia kritikoki lantzea, batik bat, bertan topa daitezkeen jarrera diskriminatzaile eta ez osasuntsuetatik at, kirola sozializatzeko eta antolakuntza sustatzeko baliagarri izan dadin.

Iturrioz. Gure kabuz antolatzeko beharra ere landuko dugu. Mahai-inguruan aipatuko diren proiektu guztiak antolakuntzaren bitartez sortu dira eta, zentzu horretan, doako aisialdi- eta kirol-eskaintzaren beharra ere jarriko dugu mahai gainean.

Zein zailtasun topatu dituzue antolatzeko garaian?
Iturrioz. Asanbladarentzat egutegian gorriz eta larriz markatutako eguna da Gazte Eguna. Aurretik ondo antolatzeko lan handia egin behar da eta etxeko lanak eginda eduki behar ditugu eguna gerturatzerako. Zailtasunen artean nabarmendu genitzake, batetik, azpiegitura kontuak, mila xehetasun hartu behar baitira kontuan.

Ugarte. Bestetik herriko gazteengana gerturatzerako garaian, ez da erraza izan guztiontzat interesgarriak eta motibagarriak diren hitzorduak —jarduerak, kontzertuak, hitzaldiak...— zehaztea. Saiatu gara gazteontzat erakargarria izango den Gazte Eguna antolatzen, eta horrek esan nahi du egitarau aldetik eskaintza adostu behar dela guztion artean.

Zergatik da beharrezkoa horrelako ekimenak antolatzea?
Ugarte. Gaur egun gazteok sozializatzeko ditugun espazioak murritzak dira. Gazte Egunaren helburua gazteon interesak asetzen dituen egun bat antolatzea da, besteak beste. Horregatik eskaintzen du hausnarketarako eta formakuntzarako tartea, kirolaz gozatzeko aukera, eta aisialdi eskaintza zabala ere prestatu dugu: jolasak, kontzertuak, txaranga…

Iturrioz. Horrez gain, garrantzitsuena zera dena: herriko gazteok ondo pasatzeko eta elkarrekin egoteko aukera sortzea. Eta ezin esan gabe utzi, gure kabuz antolatzen dugun egun bat dela. Hori da gazte egunaren esentzia: gazte asanbladaren eta herriko gazteen arteko antolakuntzari esker aurrera ateratzen den eguna dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!