Etxebizitza eskaeraren hazkundeaz jabetuta, eta herrian hainbat lokal komertzial hutsik daudela ikusita, Tolosako EAJren udal taldeak mozio bat aurkeztuko du osteguneko osoko bilkuran, «udalak espazio horiek aztertzeko lanketa sakon bat abiatu eta espazio horien eraldaketa sustatu dezan, etxebizitza eskuragarri bihurtzeko». Jeltzaleek adierazi dutenez, ekimen hau bat dator Eusko Jaurlaritzak berriki egin duen proposamenarekin, «Bizigarritasun-Dekretua malgutzearena, trantsizio hori errazteko». EAJk gaineratu du zenbait lokal komertzial «modu irregularrean etxebizitza gisa» erabiltzen direla.
Jeltzaleen iritziz «premiazkoa» da lokal horien «potentziala» aprobetxatzea. «Horietako askok baldintza tekniko egokiak baitituzte, Tolosan gero eta handiagoa den bizitegi premiari erantzuteko, batez ere, etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa den testuinguru batean», esan du Xarles Iturbe udal taldeko bozeramaileak.
Ostegunean aurkeztuko duten mozioak proposatzen dituen neurrien artean daude, besteak beste, urtea amaitu baino lehen herriko lokal hutsen inbentario eguneratua egitea, eraldaketa horretarako egokienak izan daitezkeen eremuak zehazteko azterketa urbanistikoa burutzea, eta espazio horiek bizitoki bihurtzeko birgaitzea errazteko ditu laguntza programa bat sortzea, «betiere, etxebizitza horien prezioa eskuragarria izango dela bermatuz».
Ildo horretako lana «udal mailako etxebizitza estrategia zabalago baten baitan» kokatu behar dela adierazi dute jeltzaleek, eta estrategia horretan, Tolosan, babes ofizialeko etxebizitza berriak eraikitzea «lehentasun nagusia» izan beharko lukeela gaineratu dute.
Era berean, EAJk esan du lokal hutsak etxebizitza bihurtzeko egin daitekeen edozein planteamenduk «bateragarria» izan behar duela «gure herriko kale askok duten izaera eta bokazio komertziala zaindu eta mantentzeko beharrarekin».
Mozioa datorren osteguneko udalbatzan eztabaidatuko dute eta talde jeltzaleak proposamen hori babestera animatu ditu alderdi guztiak. Izan ere, adierazi dutenez, «premiazkoa da etxebizitza eskuratzea geroz eta errazagoa izango den Tolosa bat».