Kadeteek Espainiako Txapelketa irabazi dute

Ataria 2025eko maiatzaren 26a

TAK Arraun klubeko trainerillak lortu du, aurretik Gipuzkoakoa eta Euskadikoa eskuratu ondoren. Senior mailakoek, berriz, bigarren postua lortu dute.

TAK Arrauneko kadete mailako trainerillak Espainiako Txapelketa irabazi du, eta senior mailakoek bigarren postua lortu dute. Euskadiko zein Gipuzkoako txapelketetan lortutakoa berdindu dute bi ontziek.

Kadete mailako Tolosaldea trainerillak (7.57,76) txapelketa alde nahikoarekin irabazi zuen, bigarren egin zuen Zumaiari (8.06,53) ia bederatzi segundoko tartea ateraz. Hirugarren Isuntza izan zen (8.11,12) eta A finaleko laugarren postuan Boiro helmugaratu zen (8.17,07).

Senior mailako Tolosaldeak estropada ona egin zuen, eta bigarren sailkatzea lortu zuen 15.29,19ko denbora eginez. Lehenengo postuan Astillero iritsi zen (15.20,38), hirugarrena Chapela izan zen (15.35,34) eta laugarren postuan Robaleirak amaitu zuen (15.59,50).

Iberdrola Supera Saria

TAK Arraun klubak Iberdrola Supera Saria jaso du, eta Espainiako Txapelketan parte hartzen ari zela eman zioten. Kirolaren bidez genero berdintasuna bultzatzen dutenei ematen zaie sari hori, eta urtero banatzen da.

Argazkiak: Iban Ormazabal

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!