Izaskun Arandia eta Josu Martinez zinemagileak, Sormenetik saioan

Ataria 2025eko maiatzaren 26a

Garazi Karrera kazetariak elkarrizketatuko ditu 'Gure zinema: zientzia-fikzioa?' izenburupean; ekainaren 7an izango da, 12:00etan, Zerkausi azpian.

Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak Sormenetik egitasmoaren aurtengo lehen saioa antolatu du. Gure zinema: zientzia-fikzioa? izenburupean, euskal zinemaren inguruan hitz egingo dute Izaskun Arandia eta Josu Martinez zinemagileek, eta Garazi Karrera kazetaria izango da elkarrizketatzailea. Ekainaren 7an, larunbata, izango da, ohi bezala, Zerkausi azpian, TAK arraun klubak ontziratzeko duen lekuan, eta 12:00etan hasiko da.

Arandia gidoilari, zuzendari eta ekoizle tolosarra da, eta 2011n IZAR Films ekoiztetxea sortu zuen. 2016an, Hemen Euskal Herriko ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako emakumeen elkartea sortzeaz gain, presidente-kide ere izandakoa da. Azken urteetan, lan hauen ekoizpenean parte hartu du, besteak beste: Agur esatea (2013), Muga deitzen da pausoa (2018), 2 urte, 4 hilabete eta egun 1 (2020), eta Non dago Mikel? (2021).

Martinez, berriz, zinemagile, ikertzaile eta idazle bilbotarra da. Euskal zinemaren historia ikertu ez ezik, hainbat pelikula ere zuzendu ditu. Fikzioaren alorrean, Bizkarsoro (2023) izan da azkena. Iparrraldeko fikziozko herri batean kokatuta dago filma, XX. mendean, eta euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide. Horrez gain, Martinez zuzendari lanetan aritu da, besteak beste, Mirande, film bat egiteko zirriborroa (2023), Jainkoak ez dit barkatzen (2018) eta Gure sor lekuaren bila (2015) ikus-entzunezkoetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!