ELKARRIZKETA

«Galdutako ofizio bat izan daiteke, baina niretzat polita da, eta erakargarria»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko ekainaren 1a

Pablo Dendaluze EITBn artezle lanetan dabil.

Pablo Dendaluze artezle tolosarrak 36 urte daramatza lanean, askotariko saioetan, eta oraindik ere, pasioz bizi du: «Nahiz eta askok ez ulertu, ni gustura joaten naiz lanera», esan du.

Tolosar askok, Pablo Dendaluze entzundakoan, kamera eta monopode bana eskuetan hartuta dituen biseradun pertsona bat irudikatuko dute. Askotan ibiltzen da herrian grabaketak egiten, eta beti pentsatzen dugu: «Hemen da Tolosako Kaxoia bideo berri bat prestatzen». Baina, hori ez da Dendaluzeren ohiko ofizioa. Artezlea da, eta horretan dabil lanean 1989az geroztik, Euskal Telebistako zenbait saiotan; hor ere, kamera artean. Beti bezala, hamaika saltsatan sartuta harrapatu dugu, batetik bestera, baina «oso gustura».

Noiztik zara artezle?

1988an hasi nintzen lanean. Andoaingo Escivi Zinema eta Bideo Eskolako lehen promozioko ikaslea izan nintzen, eta urte horretan, ETBren Miramongo estudioetan burutu nuen praktikaldia. Eta gogoan dut 1989ko apirilaren 8an egin zidaten lehen kontratua, Jose Luis Morenoren Entre amigos programarako. Geroztik, gaur egunera arte, artezle aritu naiz, baina tartean, zenbait parentesi izan ditut, abenturak eta bidaiak zirela edota zenbait urtetan autonomo aritu naizelako. Ibilbide luzea izan da.

Ondo gogoratzen duzu lehen eguna, beraz.

Ez dakit zergatik, baina bai. Akaso, lehen kontratua izan zelako.

Nolatan hasi zinen artezle?

Berez, produkzio edo ekoizpen laguntzaile postuan burutu nuen praktikaldia. Telebistan askotariko lanpostuak daude, eta nire kasuan, postu horretan hasi nintzen. Hala ere, niretzako lana oso administratiboa zen. Bulegoan ordu asko sartu behar izaten nituen. Sei hilabeteko praktikaldia izan zen, eta denbora tarte horretan, artezleen lana ezagutu nuen. Bertatik bertara ikusi nuen nola aritzen ziren lanean, eta orduan zera esan nuen: «Hau da nik egin nahi dudana». Lau hormen artean sartuta lanean aritu baino, aske ibili nahi nuen, batera eta bestera, jende askorekin harremanetan. Hala erabaki nuen artezle izatea.

Nola heltzen da pertsona bat artezle izatera?

Gure lanpostua eta betebeharra ez da beste munduko ezer. Hala ere, artezle izatera heltzea ez da erraza, berez, ez dagoelako formakuntza edo ikasketa esklusiborik horretarako. Orduan, ohikoena errealizadore edo ekoizle aritzea izaten da, eta artezlearen postua, bai batekin zein bestearekin alderatuta, maila bat baxuago egoten da. Errealizadoreen edo ekoizleen lana ardura handikoa izan ohi da, eta horretarako, gaur egun, lizentzia behar izaten da. Artezle izateko, baina, garai batean ez zen halakorik behar. Orduan, eta gaur egun oraindik ere bai, beste bi lanpostuen azpitik gaude. Lanpostu berezia da gurea. Artezle izan nahiko lukeen edonork, ekoizle edo errealizadore formakuntza jaso beharko luke, eta ondoren, telebistako, eta bereziki plato bateko dinamika ezagutu, eta bertan sartu.

Nola oroitzen dituzu hasierako urteak?

Oroitzapen oso berezia eta oso polita daukat. Lehen lauzpabost urteak Morenoren saioan egin nituen. Egia esan, kalitate handiko programak izan ziren. Bera, saioko aurkezle izateaz gain, zuzendaria ere bazen. Profesionalki, inoiz ezagutu dudan zuzendaririk onena da. Izugarri ikasi nuen berarekin. Programak eta ekoizpenak oso garbi zeuzkan, eta oso ondo garatzen zituen. Programa horretan lan egin ondoren, askotariko saioetan lan egin nuen: dramatikoak, informatiboak, lehiaketak... Besteak beste, Mihiluzen eta Goenkalen aritu izan naiz lanean.

Euskal Telebistako saio entzutetsu askotan lan egin izan duzu.

Lehen eta bigarren kateko ia edozein programatan lan egitea egokitu zait. Gaur egun, hori are nabarmenagoa da. Lehen, bizpahiru programatan aritzeko ardura hartzen genuen, eta horretan aritzen ginen buru-belarri, baina orain ez da halakorik gertatzen. Duela gutxi, aste berean, Quedate, Biba zuek eta El Conquis saioetan lan egitea egokitu zitzaidan. Batetik bestera gabiltza, edozein saiotan. Ondorioz, urte hauetan guztietan, mota guztietako saioak ezagutu izan ditut.

Kirol emanaldietan ere lan egin izan duzu?

Bai, baina oso gutxi. Halakoetan ez da ohikoena artezlerik egotea.

Artezlea platoan egin behar diren lan guztien arduraduna da, beste modu batera esanda, errealizadorearen begiak, belarriak eta ahoa da. Ados zaude?

Erabat ados! Errealizadorea da programako nagusia; berak ematen ditu aginduak. Erabakiak hartzerako orduan, berak izaten du azken hitza. Behin saioaren ekoizpena platoan gauzatzen ari garenean, artezleak gara errealizadorearen burua, beste modu batera esanda, bere eskuin eskua. Bera gela batean edo unitate ibiltarian egoten da, itxita, eta beraz, ez da bertatik mugitzen, eta gu gara, nolabait ere, bere aginduak edo betebeharrak betetzeko arduradunak. Horretan saiatzen gara, behintzat.

«[Artezlea] publikoaren kokapenaz eta erosotasunaz arduratzen da»

Zer funtzio ditu errejidore batek?

Asko dira. Jendearentzat artezlearen figura zerbait pasibo eta sinbolikoa da. Plato batera joaten zarenean, kaskoak jantzita ikusten duzu artezlea, eta saioaren hasiera eta amaiera markatzeko atzera kontaketa egiten du. Baina, horrez gain, egiteko gehiago izaten ditu, besteak beste, publikoaren kokapenaz eta erosotasunaz arduratzen da. Platoan gertatzen den giza edo teknika arloko gauza gehienak gainbegiratzea eta saioaren hasiera ordua jarrita dagoen momenturako dena prest edukitzea izaten da artezlearen ardura nagusia. Halaber, errealizadorearekin eta soinu eta argiztapen saileko arduradunekin kontaktuan egoteko izaten ditugu kaskoak jantzita. Beraiek izaten dituzten beharrei erantzuteko prest egon behar dugu uneoro. Artezleak badu berezitasun bat: ezin du lo hartu. Bost zentzumenak adi izan behar ditu uneoro.

Saioaren emankizunean ez ezik, saioaren aurretik ere izaten duzue lana, ezta?

Bai, baina desberdina izaten da saioa zuzenekoa ala grabatua denean. Aurrez entseguak eta frogak egiten ditugu. Saioaren aurretik, sail bakoitzak bere ardura izaten du, lan handia egoten da, eta artezlea izan ohi da sail guztien lotura eta norabidea markatzen duena.

Une honetan, besteak beste, 'El Conquis' saioan ari zara lanean.

Zuzeneko saioa izaten da. 23:00k aldera hasi eta 01:00 inguruan amaitzen dugu. Askotariko iritziak izango dira programa honen inguruan, baina Euskal Telebistaren saio ikurretako bat da. 100 lagunek baino gehiagok ikusten dute saioa platoan bertan, eta lantaldeko kideak eta programan parte hartzen dutenak kontuan izanda, 150 lagun inguru izaten gara. Horien guztien parte hartzea ondo kudeatzea izaten da gure zereginetako bat. 

Gauza asko gertatuko dira bi ordu horietan, ezta?

Bai, eta ezusteko asko ere bai, tartean. Duela aste batzuk, publikoko dozena erdi bat lagunek kartulina zatiekin osatutako pankarta moduko bat erakutsi zuten. Saioko inork ez zekien ezer horren inguruan, eta nik nire tokitik ikusi nuen. Orduan, errealizadoreari jakinarazi nion, hura telebistan erakutsi ala ez erabaki zezan. «Mantendu dezatela», erantzun zidan. Orduan, hori kudeatu behar izan nuen momentuan bertan. Izan ere, errealizadoreak soilik saioko kamerak unean bertan grabatzen ari direna ikusten du, eta ez du platoan gertatzen den guztia ikusten eta entzuten, eta beraz, gu gara bere begiak eta belarriak. Lan oso aktiboa da artezleona.

«Programa baten dinamikan lehen bizpahiru saioak egitea izaten da konplexuena»

Saioa zuzenekoa denean, gainera, presioa handiagoa izango da.

Bai. Erabakiak unean bertan hartu behar izaten dira. Aitortu behar dut programa baten dinamikan lehen bizpahiru saioak egitea izaten dela konplexuena. El Conquis bezalako saio baten kasuan, dinamika zehatza duena eta martxa hartuta daukana, errazagoa da. Saioak ez dira bakarrik egiten, baina zeregin asko ia automatikoki egiten ditugu. Edukiak aldatzen dira, baina egitura oso antzekoa izaten da beti.

Esaterako, Gabonen edo bestelako ekimenen bueltako programa bereziak konplexuagoak izaten dira. Saio bakarrekoak izaten dira, potoloak, eduki eta gonbidatu askorekin.

Zurea ez al da lan nahiko estresagarria?

Bai, baina ni ere halakoa naiz! [Barreak] Duela aste batzuk, El Conquis amaitu ondoren, 02:00etan lotaratu eta 07:00etan esnatu nintzen, eta kontatuko banizu goiz hartan zenbat gauza egin nituen, ez zenuke sinetsiko. Nirekin bat datorren lanpostua da. Oraindik 62 urte ditut, eta nahiz eta askok ez duten ulertuko, ni gustura joaten naiz lanera. Bizi egiten dut. Ez daukat duela 36 urteko motibazioa, baina mantentzen dut neurri batean, eta hori ere behar da; bestela, jai daukazu.

Orokorrean, artezlearen lana ez da oso ezaguna gizartean, kameren atzean egiten den lana delako.

Egia da ez zaigula ikusten. Askok ez dute aukerarik eduki orain arte plato batean egoteko, eta bertan egon arte, ez duzu artezlearen lana ezagutzen. Telebistako ofizio galdu edo ezezagun horietako bat izan daiteke, baina niretzat polita da, eta erakargarria.

Ba al duzu inoiz ahaztuko ez duzun programaren bat?

Programekin baino, zuzendariekin oroitzen naiz beti. Adibidez, Carlos Sobera nabarmenduko nuke; Date el bote lehiaketan aritu nintzenean ezagutu nuen. Saioa gidatzeko, inprobisatzeko eta komunikatzeko gaitasun handia zuen. Bestetik, Biba zuek oso gustuko dut, lantzen diren edukiengatik, horiek lantzeko moduagatik eta kontatzen diren istorioengatik. Bestela, marroi asko jan ditut eta egoera deseroso asko aurrera atera behar izan ditut. Aldi berean, gauza oso politak egin ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!