Literatura, interpretazioa, dantza eta musika. Hori uztartu dute Don Inorrez musika taldeak eta Metrokoadroka sormen laborategian Aztia izeneko ikuskizunean, eta Tolosan gaur egongo da ikusgai, Topic-en. Oier Guillanen testu bat oinarri, kantak sortu ditu Imanol Ubeda (Tolosa, 1973) musikariak eta horiekin atzera testua osatu, Guillanek; eta tartean, batera, butoh dantza japoniarra. Erronkarik handiena dena bateratzea izan dela kontatu du, besteak beste, musikari tolosarrak.
Zer topatuko du Topic-era joaten denak?
Hainbat diziplina uztartu ditugun ikuskizun bat: badu antzerkitik —Oier Guillan eta Ainhoa Alberdiren eskutik—; Don Inorrezek, ohikoa den bezala, kontzertu moduko bat eskainiko du; eta, era berean, hori dena uztartzen dugu dantzarekin, Ainhoa Alberdi butoh dantzariarekin.
Oinarrian dago Oier Guillanek egindako antzezlan bat. Aztia izeneko pertsonaia baten bueltan dago dena antolatuta. Berak Aztiaren rola jokatuko du, eta bakarrizketa moduko antzezlan horretan, guk abestiak tartekatuko ditugu. Eta, horrez gain, Aztia izango da, baita ere, Ainhoa Alberdi dantzaria.
«Des-deslilurari buruzko antzezlan bat» omen da; zer esan nahi du horrek?
Iruditzen zaigu deslilura eta desesperantza nagusitu direla, eta ez bakarrik gure inguruan, baizik eta orokorrean, maila globalean. Aztiak proposatuko digu mintegi batean parte hartzea, eta haren helburua da deslilurari eta desesperantzari aurre egitea. Nola? Bada, des-deslilura eta hasiera berri bat aldarrikatuz. Egoera ezein dela ere, hemendik aurrera indarrak batu ditzagun aurrera egin ahal izateko.
Des-desliluraren bitartez ez dugu berriro lilura aldarrikatzen. Badakigu garai bateko lilura bat defendatzea ez dela erraza, baina behintzat deslilura ken dezagun gainetik, des-desliluraren bitartez. Nolabait ere gaur egungo aldarteari aurre egin eta hasiera berri bat aldarrikatzeko modu bat da.
'Mr. Señora' irakurriz bururatu zitzaizun proiektua. Zer du berezitik?
Oier Guillanen liburu hori bakarrizketa ezberdinez osatuta dago. Badu antzerki lengoaiatik, eta berak erabiltzen duen tonuarengatik, testuek duten erritmoarengatik, idazteko moduagatik —errepikapen asko erabiltzen ditu—... Irakurri ahala konturatu nintzen hainbat ahapaldi musikatu zitezkeela. Konturatu nintzen bazegoela lantzeko moduko zerbait.
Oierri horrela bota nion amua, hortik abiatuta zerbait egin genezakeela, eta handik hilabete batzuetara idatzi zuen Aztia izeneko bakarrizketa. Eta bertan topatu nituen, gutxi gorabehera, Mr. Señora liburuko osagai guztiak. Behin Aztia esku artean genuela hiruzpalau kanta egin genituen, eta kantu horiek testu gehiago ere ekarri zuten, berak kantuak entzun ahala pieza aberastu zuelako. Esan daiteke bidea elkarrekin egin dutela diskoak —Aztia proiektuak, lehendabizi, diskoa eman zuelako—, eta, otsailetik aurrera, zuzeneko emanaldiak.
Eskutik helduta hazi dira diskoa, emanaldia eta testua bera. Zentzu horretan oso polita izan da, nolabait, elkarrekin eraiki ditugulako Aztia pertsonaia, eta baita haren baitako diskoa eta ikuskizuna.
Proiektu kolektibo izateak nola eragin du sorkuntza prozesuan?
Guretzat ezohiko formula bat da. Esan beharra dago Oierrengana disko baterako osagai baten bila jo genuela. Behar edo nahi genuen dialektika berri bat edo nahi genuen testu bat, zeinak diskoari bultzada emango zion. Hasieran helburua disko bat egitea zen, baina berehala konturatu ginen horrek oholtzarako bidea ere har zezakeela; eta oholtzan beharko genituela Metrokoadroka sormen laborategiko aktoreak.
Guk normalean kontzertuak prestatzen ditugu, formula oso ondo ezagutzen dugu; baina hau prestatzeak ekarri digu bestelako ahalegin bat. Dena uztartu behar genuen; ez zedila izan abestiak eta testuak tartekatzea, baizik eta nolabait dena jostea pieza bat eta bakarra izan zedin.
Ez zen, bada, lan makala izango.
Niretzat berritasun handiena da Ainhoa Alberdi dantzariaren ekarpena. Oier da Aztiaren pertsonaia gorpuzten duen aktorea, eta Ainhoa da haren bertso librea edo. Butoh dantza japoniarra inprobisazioan oinarritzen da eta oso ikusgarri da; edo ezohikoa, behintzat. Elementu hori ere kontuan hartu behar izan dugu zuzenekorako, eta hiru arlo horien emaitza da ikuskizuna. Ez da gailentzen diziplina bat, hirurak etengabe daude hor eta horrela sortzen da nolabaiteko pieza bakar hori.
«Ez da gailentzen diziplina bat, hirurak etengabe daude hor eta horrela sortzen da pieza bakar hori»
Zein izan da erronkarik handiena?
Bada, hain zuzen, dena bateratzea. Ez genuen Oierren testua —zuzenean ahoskatzen duen hori— errepikatu nahi; eta, era berean, Oierrek ezin zuen izan gure nolabaiteko ispilu huts bat. Osagarri egin behar izan ditugu. Ahalegin handiena eskatu digu dena nola uztartu pentsatzeak eta, aldi berean, errepikakorra izatea saihesteak.
Hori gutxi ez, eta dantza ere uztartu behar izan dugu. Dantzak ere osagarri izan behar zuen, eta ez horren itzal edo.
Ez da ohiko formatu bat. Eroso aritu zarete?
Orain arte ez dugu horrelakorik egin. Egia da aurretik —eta Bide Ertzean taldearen garaiaz ari naiz— ikuskizunen bat edo beste egin genuen olerkariekin. Poesia eta musika uztartzen ziren ikuskizun bat egin genuen: Nola belztu behar zuria. Garai hartan Bide Ertzean eta Metrokoadroka taldekoak aritu ginen lanean; oinarrian Joxean Artzeren poesia liburu batzuk hartu eta hortik abiatuta egin genuen emanaldi hura.
Hau, ordea, zerbait ezberdina da. Borobildu arte kosta egiten zitzaigun irudikatzea nola uztartu zitezkeen pieza guztiak; baina entseguen bitartez-eta denak hartu du bere zentzua.
Bitxikeriarik baduzu gogoan?
Donostiako Lugaritzen egin genuen lehen emanaldia eta... Kontua da kode ezberdinak uztartzen ditugula: kontzertuetan kanta bat bukatu orduko jendea txaloka hasten da; antzerkian, berriz, ez —ez bada ateraldi zehatzen baten harira, behintzat—, normalean, bukaeran izaten da txalo egiteko abagune hori.
Bada, lehen emanaldi hartan gertatu zitzaigun bi kode horiek nahastu egiten zirela: kontzertuetara ohituta zeudenek txalo egiten zuten tartean; antzezlanekoak geldirik geratzen ziren... Xelebre samarra izan zen. Konturatu ginen kontzertuko erritmo horrek baldintzatzen zuela ikuskizunaren zuzenekoa. Baina hori lehenengoan, ondorengo kontzertuetan jendea gehiago murgildu da antzezlanaren kodeetan, eta hor hobeto funtzionatu du.
Oraino nola hartu du publikoak?
Lehen emanaldi hartan aretoa bete egin zen. Bira guztietan berezia da lehen emanaldia, izaten da jakin-min puntu bat jendeak nola hartuko ote duen lan berria... Honek, gainera, osagai berriak zituenez, are gehiago. Oso-oso ondo joan zen, giro oso ona sortu zen. Testuak asko du umoretik eta ironiatik, eta egon ziren momentu oso on batzuk. Jendea asko murgildu zen, barre egiten zuen... Asmatu izanaren sentsazioa izan genuen.
«Ezohiko gauza bat ikusteko gogoz dagoenak, behintzat, oso aukera ona du»
Bilbon ere Kafe Antzokian aritu ginen Loraldia jaialdian, eta hor ere jende asko hurbildu eta oso ondo joan zen; eta berdin Gasteizen ere. Gerora Usurbilen eta Zizurkilen ere egon gara eta jende gutxixeago hurbildu da, baina emanaldiak ere oso politak izan dira. Gustura gabiltza, eta orain, dagoeneko martxa hartuta, konfiantza handiagorekin gabiltza eta emanaldia finduta dago. Ezohiko ikuskizun bat ikusteko gogoz dagoenak, aukera ederra du.
Nolakoa da Topic-en aritzea?
Niri asko gustatzen zait. Oso jasoa da, eta teknikoki ere primerakoa da. Eskertu nahiko nuke, baita ere, Tolosako kulturgintzaren arloan bereziki Jokin Ansorenak gure alde egin duen apustua. Beti egoten da adi, eta bere ahaleginari esker ere bagaude hor.
Zer esango zenioke ikuskizunera joan edo ez zalantzan dagoenari?
Esango nioke Oier Guillan bezalako aktore puska bat ezagutzeko aukera izango duela, oso atsegina eta barregarria den testu batekin egingo duela topo, eta, era berean, Ainhoa Alberdi bezalako dantzari baten eskutik butoh izeneko dantzaz gozatzeko aukera ere izango duela, agian, lehen aldiz. Gu ezagutuko gaitu honezkero, baina oraingoan kantu berriekin gatoz [barrez]. Ezohiko gauza bat ikusteko gogoz dagoenak, behintzat, oso aukera ona du.