25 urteko gazte bat atxilotu dute Tolosan, adineko bati bortizki lapurtzea egotzita

Ataria 2025eko maiatzaren 24a

Bi aldiz atxilotu dute aste berean, gisa bereko delituengatik; azken gertakaria ostegunean izan zen, 06:15ean.

Ertzaintzak 25 urteko gazte bat atxilotu du Tolosan, adineko bati bortizki lapurtzea egotzita. Jakinarazi dutenez, gertakariak ostegun goizaldean izan ziren, 06:15 aldera, Tolosako Laskoain kalean. Ertzaintzak adierazi duenez, biktima bere etxera itzultzen ari zen, paseo bat eman ondoren, eta orduan, gazteak atzetik eraso zion, eta dirua lapurtu zion, lepoa indar handiarekin estutuz asfixia eragin bitartean. 

Biktimak Ertzaintzari emandako informazioarekin, ikerketa abian jarri zuten, eta egun berean, erasoaren eta lapurretaren egilea aurkitu eta atxilotu zuten, bere etxean.

Bi aldiz aste berean

Handik gutxira, agenteak ohartu ziren atxilotuak aurrekariak zituela, gisa bereko delituengatik; izan ere, maiatzaren 20an, asteartean, antzeko ezaugarriak zituen lapurreta bortitz batengatik atxilotuta egon zen. Azkenean, atxilotua Ertzaintzaren bulegoetara eraman zuten beharrezko eginbideak egiteko, eta, ondoren, epailearen esku utzi zuten.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!