Ikurrina erraldoia prestatu du Tolosaldeko Gure Eskuk «Euskal Herriak erabaki» leloarekin. Ikurrina erraldoia lurrean atondurik, herritarrak bere inguruan bildu dira Beñat Sarasolaren esanetara. Igor Zapirainen ardura izan da dronea gidatzea eta bideo eta argazkiak ateratzea. Herritarrak pozik bete dituzte aginduak: aurrera begiratzea, gora begiratzea, pankartak eta ikurrinak astintzea...
Sarraila irekitzeko garaia
Tolosaldeko Gure Eskuko ordezkari Beñat Sarasolak girotu du gaurko ekitaldia. Horrela, gogora ekarri du Tolosaldeko Gure Eskuren lehen agerraldia, «orduan giroa hotz zegoen instituzioetan, baina hala ere hainbat aurpegi ezagunek bat egin zuten Zerkausiko terrazan, eta haiek denek sekulako argazkia atera zuten». Urteek aurrera egin badute ere, Gure Eskuk eskaera berdina du helburu: «Nazio aitortza». Eta horretarako, «lan handia egin beharra dagoela» aitortu du Sarasolak, eta gehitu: «Instituzioek lan egin behar dute derrigor, ari dira eta badaude zertzelada batzuk: hurrengo astean lehen aldiz izango dugu Euskal Pilota Federazioa Zesta Punta txapelketa batean, Gernikan, beste herrialde batzuen kontra lehian. Ari gara, baina ez da nahikoa. Instituzioak ere ez dira nahikoa, eragileak behar ditugu». Honela garrantzia berezia hartzen du, nola ez, Gure Eskuren jardunak erabakitzeko eskubidearen aldeko lanean.
Eragile guztiekin elkarlanean «sarraila» irekitzeko beharrezkoa ikusten du Beñat Sarasolak «giltza» izatea. «Giltza hori zuek duzue; guk dugu; herritarrok dugu», esan die Sarasolak Zerkausiko terrazan bildurik zeuden herritarrei. Honela, «herritarrak gara indarra egin behar dugunak, eta bultza egin behar dugu sarraila ireki eta gure etorkizuna guk erabakitzeko. Herri libre bat izateko».
Bilborako deia
Honekin guztiarekin, Tolosaldeko Gure Eskuk, Beñat Sarasolaren ahotsean Bilbora joateko deia luzatu du. Izan ere, Gure Eskuk datorren ekainaren 7an, Bilbon mobilizazio nazionala deitu du, 17:30ean, La Casillatik abiatuta. Orduan, herritarrek herri libre baten aldeko aldarria luzatuko dute. Azken batean, autodeterminaziorako eskubidea, beste behin lehen lerroan jartzeko eskatuko dute: «Euskal Herriak erabaki dezala».
Bilbora joateko autobusetarako zerrenda prest dago Tolosako Amaiur tabernan. Izen-ematea zabalik dago ekainaren 3a bitarte.
Material eta informazio postua
Gaztelako Atearen ondoan Gure Eskuak goiz osoan zehar postua izan du, materiala saltzeko eta herritar guztiei informazio helarazteko.