Eskualdeko emakume «erreferenteak» bildu ditu Aspegik

Ataria 2025eko maiatzaren 23a

Aspegik antolatuta, Konektatuz ekimena burutu dute Tolosan.

Tolosa Konektatuz ekimenaren edizio berri baten egoitza izan da. Aspegi Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak bultzatuta eta Laboral Kutxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egin zuten atzo topaketa, «emakumeen talentua ikusgai jartzeko eta lurraldeko eskualde ezberdinetara hurbiltzeko helburuarekin». Tolosako udaletxeko batzar aretoan egin zen mahai-inguruak Tolosaldeko emakume «erreferenteak» bildu zituen, eta jende ugari bertaratu zen, aretoa betetzeraino.

Emakumeen lidergoaren eta talentuaren inguruko esperientziak ezagutu eta partekatzeko aukera izan zen, «made in Tolosaldea» ikuspegitik. Ekitaldiari hasiera Nerea Ibañez Garcia Aspegiko presidenteak eta Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak eman zioten. Bertan izan ziren, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko Diputatua, Miren Elgarresta Larralde Emakundeko zuzendaria, Regina Sorarrain Alegiako alkatea eta Karmele Segura Azkarate Laboral Kutxako komunikazio arduraduna.

Silvia Serna Postigo coach eta Arbola consulting-eko sortzaileak gidatu zuen mahai-ingurua eta Tolosaldeko lau emakume «erreferentek» hartu zuten parte: Arantxa Oquiñena Argaña (Casa Eceizako gerentea); Blanca Gorrotxategi Perales (Organic 49ko jabea); Mariangélica Martinez Chávez (Sutargiko zuzendari nagusia) eta Ima Martiartu Maquet (El Atelier-en sortzailea).

Parte-hartzaileek euren ibilbide profesionalekin lotutako bizipenak, ikaskuntzak eta erronkak partekatu zituzten, komunitatearen balioa, konpromiso soziala eta lidergo-ereduak nabarmenduz. Ekitaldia argazki ofizial batekin eta mokadutxoarekin amaitu zen, eta horrek aukera eman zuen ideia-trukea giro hurbil eta lasaian jarraitzeko.

Aspegik eskerrak eman dizkie Tolosako Udalari, Laboral Kutxari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta bertaratutako guztiei, «Tolosaldean egindako Konektatuz edizio hau gune bizia eta eraldatzailea bihurtu zutelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!