Maiatzeko Doinuak zikloko azken kontzertua, igandean

Ataria 2025eko maiatzaren 23a

'Hava' bikoteak akordeoia eta tronboia esperimentatzeko eta balioesteko modu berri bat eskainiko du, Topic-en, 12:00etatik aurrera.

Igandean, maiatzak 25, 12:00etan hasita, Tolosako Ekinbide Etxeak Musikenerekin elkarlanean antolatzen duen Maiatzeko Doinuak zikloaren azken kontzertua egingo dute, Topic-en. Hava bikotearen emanaldia izango da. Maria Benitez tronboi-jotzaileak eta Jessica Duarte akordeoi-jotzaileak osatzen dute taldea.

Benitezek eta Duartek oztopo tradizionalak gainditzea proposatzen dute, soinu-interakziorako modu berriak bilatuz eta proposamen berritzaile bat sortuz. «Proposamen honetan, bi tresnek elkarri laguntzen diote, eta adierazpen gaitasuna nabarmentzen dute. Tronboiaren eta akordeoiaren tinbreen uztarketak entzumen-esperientzia aberatsa eta askotarikoa ahalbidetzen du, eta bi instrumentuak ikuspegi fresko eta berrituan ezagutzera darama publikoa», azaldu dute antolatzaileek.

Hava bikoteak musikagile gazteekin lankidetzan lan egin du errepertorio «paregabea eta originala» sortzeko. «Tradizioaren eta abangoardiaren arteko nahasketak, bi instrumentuak esperimentatzeko eta balioesteko modu berri bat eskaintzen du, formatu ezezagun eta esperimental batean barneratuz».

Errepertorioa:

  • B. Marcello (1686-1739) - Sonata Nº VI Sol Maiorrean (8’)
    • Andante
    • Allegro
    • Grave
    • Allegro
  • N. López García (2002) - En bucle *estreinaldia (10’)
  • G. Frescobaldi (1583-1643)- Canzoni per Basso solo (4’)
  • A. Piazzolla (1921-1992)- Histoire du Tango (7’)
    • Café 1930
  • A. Pérez Sánchez (1999)- Temperat *estreinaldia (10’)
  • A. Piazzolla (1921-1992)- Le Gran Tango (12’)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!