«Izugarrizko arrakasta izan da guretzat denboraldia»

Imanol Garcia Landa 2025ko mai. 22a, 20:45

Iruki TAKE taldeko kideak. TAKE

Iruki TAKE saskibaloi taldeak hirugarren amaitu du denboraldia. Goar Artetxe entrenatzaileak jokalariek egindako lana goraipatu du, hamarrekoa emanez.

Hirugarren postuan amaitu du denboraldia Iruki TAKE gizonezkoen saskibaloi taldeak, 3. FEB mailan. Denboraldia hastean helburua maila mantentzea zen, erdiko postuetan egotea eta ez sufritzea. Aurreko denboraldian, azken laugarren bukatu zuen taldeak, eta maila jaitsi bazuen ere, talde batek uko egion zion lehiaketari, eta azkenean Iruki TAKEk mailan geratzea lortu zuen.

«Denboraldi honetan hiru hilabete aurretik maila matematikoki mantentzea lortu genuen, eta hirugarren postua izugarrizko arrakasta da gu bezalako talde batentzat», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak. «Etxeko jendearekin jokatzen dugu, eta ikusi besterik ez dago beste taldeek zer jokalari dituzten: maila gorenean jokatutakoak, atzerritarrak... eta Logroñorekin lehiatzea play-off igoera fasea arrakastatsua da. Igoera fasea jokatzeko lehen bi postuetatik gertu egon gara, baina horrek ezin dio taldeari ezer kendu bere notan. Hamarrekoa izan da denboraldia». Artetxek gaineratu duenez, «ez dago gehiago eskatzerik taldeari. Gainera, talde gaztea da, eta oso ondo jokatu duena saskibaloian».

Aurrekoarekin alderatuta, denboraldi honetan aldaketa batzuk izan ziren. Orain bi urte txapeldun geratu ziren Euskal Herriko Txapelketan, eta txapeldun geratu zen talde hartatik hiru jokalari kanpora joan ziren ikastera, Erasmus programaren bidez. «Energia, intentsitatea eta talentua galdu genuen. Beraz, maila goragoko batean hiru jokalari garrantzitsurik gabe hasi ginen jokatzen. Dena kontra izan genuen, eta Usabal kiroldegia itxita egon zen grebarengatik zortzi hilabetez», azaldu du Artetxek. «Denboraldi honetan jokalari horiek bueltatu ziren eta orain bi urteko talde txapeldun hori izan dugu. Talde oso konpentsatua izan dugu, barruko eta kanpoaldeko jokalariei dagokionez, eta oso joko alaia eginez eta defentsan sendo arituz, emaitzak etorri dira».

Ez zuten espero hirugarren postu hori lortzea, baina Eguberriak eta gero beraien burua goiko postuetan ikusita, «borrokatzen eta amesten» jarraitzeko erabakia hartu zuten, lehen bi postu horiek jomugan jarrita. «Azkenean ezin izan dugu lehen bi postu horietan sailkatu, baina lehen esan bezala, hirugarren postua sekulako arrakasta da TAKE klubarentzat», esan du Artetxek. Maila horretan orain hamar urte inguru hiru denboraldiz egon zen taldea. Lehenengo urtean bosgarren postua lortu zuten, bigarren urtean zazpigarrena, eta hirugarrengoan kategoria galdu zuten. Sei-zazpi urte pasa ondoren Euskal Herriko Ligan, berriro mailaz igotzea lortu dute.

Datorrena prestatzen

Liga bukatu bada ere, entrenatzen jarraituko dute ekainera arte. Hurrengo denboraldia prestatzen ari dira, jokalari bakoitzarekin hitz eginez eta denboraldiaren balantzea egiteaz gain, hurrengoari begira zer asmo duten jakiteko. «Oso talde gaztea dugu, ia denak unibertsitatean ikasten ari dira, batzuk ikasteaz gain lanean, eta gero pare bat jokalari lanean, aste batez goizez eta bestea arratsaldez», esan du entrenatzaileak. «Zorionez talde gaztea dugu. Eta hain denboraldi ona egiten duzunean, ekonomikoki indartsuak diren taldeak zure jokalarietan arreta jartzen dute». 

Taldeko pare bat jokalarik eskaintza jaso dute, baina momentuz TAKEn geratuko dira. «Gure filosofia ez da jokalariei esatea saskibaloiaz biziko zarela. Hori oso zaila da. Lehendabizi norberaren ikasketak ziurtatu behar dira, zure etorkizuna, eta behin ikasketak bukatzerakoan nahi badu urtebetez probatu dezala saskibaloiko abentura».

Datorren denboraldirako gutxi gorabehera oraingo jokalariak mantentzea aurreikusi dute. «Agian pare bat baja izango ditugu lan kontuengatik, eta saiatuko gara etxeko jokalariak igotzen», esan du Artetxek, eta aurreratu du bigarren taldeko Joanes Elosegi bigarren taldetik lehenengora pasako dela. Helburuari dagokionez, aurtengo bera izango da, maila mantentzea sufritu gabe. «Gauzak ondo badoaz, anbizio puntu hori izan behar da, eta lehen postu horiengatik borrokatzeko aukera badugu, saiatuko gara», esan du Artetxek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!