Maiatzaren 31n, larunbata, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna ospatuko da. Data baliatuta, beste urte batez, ozeanoen kontserbazioan diharduen Surfrider Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Kolillatoia kanpaina abian jarri du. Iaz, «zigarroek ingurumenean duten eragin larriaz ohartarazteko» herritarren sentsibilizaziorako eta ekintzarako nazioarteko ekimena gauzatu zuten, eta aurten, berriro egingo dute. Surfrider erakundeak adierazi duenez, urtero, 4.500 milioi zigarrokin isurtzen dira ingurura mundu osoan, eta horietako askok itsasoan amaitzen dute, haizeak, euriak eta estolderia sareek eraman ondoren.
Hori dela eta, zigarrokin bilketak egingo dituzte Euskal Herriko zenbait herri, hiri eta hiriburutan, tartean, Tolosan. Maiatzaren 27an izango da, asteartean. Deialdia irekia da; herritar orok parte hartu ahal izango du. Hala ere, esteka honetan izena ematea gomendatzen dute; dagoeneko zenbait ikastetxe eta elkartek baieztatu dute parte hartzea.
11:45ean elkartuko dira antolatzaileak eta parte hartzaileak, zezen plazaren kanpoaldean. Lehenik, antolatzaileek ekintzarako beharrezko materiala banatuko diete parte hartzaileei. Ondoren, ordubetez, 12:00etatik 13:00etara, boluntarioek, herritarrek eta erakunde laguntzaileek zigarrokinak jasoko dituzte, ingurumen inpaktuari buruzko kontzientzia sortzeko. Amaieran, bildutako hondakinak zenbatuko dituzte, datuak lortzeko.
Bi helburu ditu Kolillatoia kanpainak: zigarrokinek ingurunean duten presentzia murriztea eta, batez ere, naturan duten utzikeria desnormalizatzea. «Lehen begiratuan, zigarrokin batek ez dirudi kalterik eragiten duenik, baina bakar batek 500 litro ur kutsa ditzake. Iragazkia zelulosa azetatoa da (plastiko mota bat), eta hamar urte baino gehiago behar izan ditzake degradatzeko, eta ez da desagertzen. Denbora horretan, milaka substantzia toxiko askatzen ditu, hala nola beruna, artsenikoa edo amoniakoa, eta zuzenean eragiten die itsasoko biodibertsitateari eta, azken batean, gizakien osasunari», azaldu dute.
Datu-basea elikatzeko
Surfrider erakundeak adierazi duenez, «herritarren parte hartzeari esker», iaz Europako bost herrialdetan gauzatu zuten kanpaina, eta 183.353 zigarrokin jaso zituzten antolatutako 39 garbiketatan. «Zifra horiek agerian uzten dute arazoaren tamaina, baina baita gero eta inplikatuago dagoen herritar baten konpromisoa ere», esan du Xavier Curto, Surfriderko koordinatzaileak.
Ekintza Surfriderren Ocean Initiatives programaren barruan kokatuta dago. Programa horren helburua da tokian bertan datuak biltzea, dauden hondakinak sailkatuz eta kontabilizatuz, Europako datu-base bat elikatzeko, arazoa zenbakitan ikusarazteko eta irtenbideak bilatzeko lan egiteko.