Targazki Tolosaldeko Argazkilari Elkarteak, hamabigarren aldiz, Tolosa Herria nazioarteko argazki lehiaketa antolatu du, Tolosako Udalaren, Tolargiren eta Tolosa&Co-ren laguntzarekin. «Tolosan argazkilaritzarako kultura areagotzea eta, era berean, herriak berak argazkilaritza munduan oihartzuna izatea dira helburuak», adierazi du elkarteak.
Aurreko edizioetan bezala, bai gaia, baita parte hartzea ere, libreak dira. Edozein argazkilarik aurkeztu ditzake lanak. Lanak formatu digitalean bidali beharko dira, maiatzaren 25a baino lehen. Lehiaketan parte hartzeko oinarriak, Targazki.com webgunean ikusi daitezke. Epaimahaiko kideak argazki munduan adituak direla nabarmendu dute, eta epaia publikoa izango dela aurreratu dute; ekainaren 2an egingo dute. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 28an izango da.
Ondoren, puntuazio altuena lortzen duten argazkiak ikusgai egongo dira Tolosa&Co elkarteko dendetako erakusleihoetan. Gainera, lehiaketan ondoen sailkatutako hiru euskal herritarrek, Argizaiola lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria lortuko dute.
Targazkik, eskualdeko argazkilari eta argazkizale guztiak animatu nahi ditu parte hartzera. «Aurtengo edizioan, aurrekoen ildotik, ahalegin berezia egiten ari gara tolosarren presentzia areagotzeko, adin nagusikoez gain, tolosar gazteen atalarekin jarraituko dugu». Hain justu, gazteen sailean, iazko edizioan bezala, sariak izango dira. Irabazleak, domina eta Tolosa&Co-ko dendetan erabiltzeko 100 euroko erosketa bonua jasoko ditu. Bigarren eta hirugarren sailkatuak, berriz, domina bana jasoko du.