Kadeteek trainerillako Euskadiko Txapelketa irabazi dute

Ataria 2025eko maiatzaren 20a

TAK Arraun klubeko seniorrek bigarren amaitu dute Euskadiko Txapelketa.

Euskadiko Trainerilla Txapelketa izan zen jokoan igandean Ondarroako uretan (Bizkaia), eta TAK Arraun klubekoek emaitza bikainak lortu zituzten. Kadete mailako neskek bandera lortu zuten, Gipuzkoako Txapelketan lortutako emaitza berretsiz. Senior emakumezkoek bigarren postua lortu zuten, Gipuzkoako Txapelketan lortutako postua errepikatuz. 

Kadete mailakoek 8.04,78ko denborarekin lortu zuten garaipena, bigarren egin zuen Zumaiari ia bederatzi segundoko tartea atereaz (8.13,58). Hirugarren Isuntza izan zen, hamar segundora (8.15,37), bigarren postua borrokatuz. Ziaboga bakarreko estropada izan zen, eta Tolosaldea trainerillak estropadaren erdian erakutsi zuen banderaren bila atera zela, ordurako Zumaiari eta Isuntzari bost segundoko aldea kenduz. Tarte hori helmugan handitu zuten eskualdeko arraunlariek. Guztira 1.750 metro egin zituzten maila horretako trainerillek.

Senior mailako Tolosaldea trainerillak lau luze egin behar izan zituen, eta Zumaiaren atzetik helmugaratu zen ia hemeretzi segundoko aldearekin: irabazleak 15.50,29 egin zuen eta Tolosaldeak 16.09,08. Hirugarren San Juan izan zen, 16.18,35eko denborarekin. Ziaboga bakoitzean Zumaia aldea handitzen joan zen, eta Tolosaldea uneoro bigarren postuan mantendu zen, estropadak zituen 3.500 metroak postu horretan amaituz.

Argazkiak: Iban Ormazabal

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!