Musika bandaren 'Udaberriko kontzertua', larunbatean

Ataria 2025eko maiatzaren 20a

Emanaldia 18:30ean izango da Zerkausian, eta zenbait obra ezagun interpretatuko ditu bandak, hala nola, Bon Jovi eta Eric Clapton musikarien kantuak edo 'Altxorraren uhartea' pelikularen soinu banda.

Larunbat honetan, maiatzak 24, Tolosako Udal Musika Bandak Udaberriko kontzertua egingo du Zerkausian. Emanaldia 18:30ean hasiko da, eta zenbait obra ezagun interpretatuko ditu bandak. Aurreratu dutenez, herritarrentzat «arratsalde gustagarri bat igarotzeko aukera ederra» izango da.

Besteak beste, Jon Bon Jovi eta Eric Clapton musikarien abesti ezagunenekin osatutako popurri bana joko du bandak; honako kantu hauek entzun ahal izango dira: Livin on a Prayer, It’s my life, Tears in Heaven eta Layla. Horiez gain, Altxorraren uhartea pelikulako soinu banda ere interpretatuko du.

Hain justu, hiru obra horietan, gonbidatu berezia izango du bandak. Kasu honetan, hobeto esanda, kolaboratzaile berezia izango da, bandako kide batek, Iñigo Irurzun klarinete-jotzaileak, baxu elektrikoa joko duelako.

Azken urteetan, maiatzeko saio hau musika eskolako ikasleekin batera egiteko baliatu izan du bandak. «Aurten, baina, ez dugu denbora nahikoa izan ikasleekin kontzertua behar bezala prestatzeko, eta beraz, bandak ohiko formatuan egingo dugu kontzertua», adierazi dute bandako kideek. «Espero dugu datorren urtean berriro beste formatura itzuli eta kontzertua ikasleekin batera egin ahal izatea», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!