Tolosa&Cok udaberri-udako 'fashion show'-a egingo du

Ataria 2025eko maiatzaren 20a

Iazko urrian Zerkausian egin zuten moda desfileko irudi bat. Argazkia: CHROMA.

Moda desfilea antolatu dute ostiralerako Trianguloa plazan, merkatarien elkarteko kide diren saltokietako jantzi eta osagarriekin. 19:30ean izango da, eta desfileaz gain, DJa, dantza ikuskizun bat eta hanburgesa nahiz garagardo artisauen eskaintza egongo da.

Ostiral honetan, maiatzak 23, Tolosa&Coren fashion show-aren bigarren edizioa ospatuko da Tolosako Triangulo plazan, Gaztelako Atea abiapuntu hartuta. Iazko urrian egin zen Tolosako saltokien elkarteak antolatutako ekimenaren lehen edizioa, udazken-neguko jantzi eta osagarriak aurkezteko. Oraingoan berriz, udaberri-udako denboraldikoen aurkezpena izango da.

Ekitaldi honen helburu nagusia tokiko merkatari eta saltokiei ikusgarritasuna ematea da. Antolatzaileek adierazi dutenez, horretarako, egunerokotasunerako proposamen errealak, hurbilak eta eskuragarriak erakutsiko dituzte pasabidearen gainean. Desfilean ikusiko diren jantzi eta osagarri guztiak bertako dendetakoak izango dira, eta modeloak, eskualdekoak. Saltokietan bertan ez ezik, Tolosa&Co elkarteak eskuragarri duen online salmentarako Gogoko zerbitzuaren bitartez ere eskuratu ahal izango dira look ezberdinak.

Aurten, publikoak eroso gozatu ahal izango du desfileaz, antolatzaileek bertaratzen direnen eskura jarriko dituzten harmailei eta eserlekuei esker. Esperientzia «erabatekoa» izango dela aurreratu dute: «Zuzeneko DJ batek girotuko du ekitaldia, dantza emanaldi bat egongo da, eta ekitaldiaren amaieran, bertako eskaintza gastronomikoa izango da food truck gunean, Goyako hanburgesekin eta Iparrako artisau garagardoekin». Euria egingo balu, ekitaldia Tolosako Zerkausira lekualdatuko litzateke.

15. urteurrena

Ostiraleko ekitaldiak ospakizun berezi batekin bat egingo du, gainera. Tolosa&Co elkarteak 15 urte bete ditu aurten, hurbileko merkataritza indartzeko eta herriko bizitza dinamizatzeko lanean. «Elkarbanatutako bide hori eskertzeko modua ere izango da desfile hau», adierazi dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!