Tolosako Usabal kiroldegian jokatu zen boleiboleko Gipuzkoako Txapelketaren finala. Toloboleik neurketa oso borrokatua irabazi zuen, 3-2 gailendu baitzen Donostiako Ipar Titanak taldearen aurka, eta bosgarrena setean luzapena jokatu behar izaten zuten.
Lehen seta aurkarientzat izan zen, Toloboleik bigarrenean berdindu egin zien, eta gero 2-1 aurretik jarri ziren. Laugarren seta aurkarientzat izan zen, beraz, bosgarren seta jokatu behar izan zuten. 15 tantotara izaten da, baina bi tantoko abantailarekin irabazi behar denez, eta 14na berdindu zutenez, seta luzatu egin zen. Azkenean 20-18 irabazi zuten Toloboleikoek. «Emozio ikaragarria bizitu genuen, harmailetatik jendea buila batean, jokalariak ere erabat animatzen, oilo ipurdiko finala dudarik gabe», esan dute Toloboleikoek. «Ikusteko partida oso polita izan zen, eta lehenengo aldiz hainbeste jende guri animatzen izatea pasada hutsa izan zen! Gaztetxoen taldeetako jokalariak ere etorri ziren guri animatzera eta egia esan eskertzekoa da beraien babesa».