Bertakoa erdigunean

Ataria 2025eko maiatzaren 17a

Bertako Haragien Azoka egiten ari dira asteburuan, Tolosan. Gaur bertako ekoizleen produktuen azoka eta haur zein helduentzako gisatu lehiaketa izan dira protagonistak.

Lau eguneko ospakizun betean dago Tolosa. Bertako Haragien Azoka ari dira egiten eta gaur bi dira eszenatokiak; Trianguloa plaza eta Zumarditxikia. Trianguloan bertako produktuak erosi eta dastatu ahal izan dira eta Zumarditxikian foodtruck-ak eta kontzertuak dira nagusi.

Larunbatero bezala, Tolosa borborka egon da goizean; ohiko azokaz gain, bertako produktuak izan dira nagusi eta horiek erosteko aukera izateaz gain, dastatzeko aukera ere egon da. Eta Txomin Parrillaren eskutik Berastegiko arkume ekoizleen burruntzi eta zikiro erara erretako arkume pintxoak jateko aukera ere egon da. Aurtengo berrikuntzak ere Trianguloa izan du plaza. Lehen aldiz, haragi gisatuaren lehiaketa egin dute eta haur eta heldu batek osatutako taldeetan hartu dute parte. Lehen saria Javier Sanchez eta Inhar eta Aloha Sanchez Carballok irabazi dute, bigarrena Xabier eta Unax Aizpuruak eta hirugarrena Leire Esnaola eta Aner Otxotorenak. Bestalde, eta ostegunean San Isidro izan zela eta, udal ordezkariek haragi pintxoak banatu dizkiete azokako ekoizleei.

Zumarditxikia

Zumarditxikian ere badago bertako haragia dastatzeko aukera. Foodtruck ugari daude eta baita kontzertuak ere; 16:00etan Txinosound ariko da, 19:00etan Heitxi, 21:30ean Arnau And The Honky Tonk Losers; eta 23:00etan Dj Bitter Ama & Txino ariko dira. Bihar berriz, 13:00etan Mogambo Brass Band taldea ariko da eta 14:00etatik aurrera Txinosound-ek girotuko du gunea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!