200 musikari Tolosan, Musikherria festan

Ataria 2025eko maiatzaren 16a

Tolosa Kantariko kideak Zerkausian, Musikherriaren iazko edizioan. JON MIRANDA

Maiatzaren 31n ospatuko da, eta egun osoan zehar, 20 musika taldek girotuko dituzte herriko kale eta auzoak; bazkarirako txartelak bihar jarriko dituzte salgai.

Tolosarren egutegian gorriz markatutako eguna izan ohi da maiatzeko azken larunbata. Izan ere, urtero, Musikherria ospatu ohi da, kaleko musikaren eguna. Aurten, maiatzaren 31n izango da. Hamaikagarrenez antolatu dute udalak eta herriko zenbait eragilek, eta beste behin ere, berrehundik gora musikari batuko ditu, bertakoak nahiz Euskal Herriko txoko gehiagotatik etorritakoak, hogei musika taldetan banatuta. Guztiek ere, herriko auzo ugari eta Alde Zaharra musikaz girotuko dituzte, eta aitzakia ederra izango da herriko musika talde gehienak jai giroan biltzeko.

Goizeko lehen ordutik, dultzaina, txistu edo txaranga doinuak entzun ahal izango dira, dianak egingo baitituzte Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurramendi, Iurre, Berazubi eta Larramendi auzoetan. Eguerditik aurrera, erdigunerantz mugituko dira. Une berean, baina Alde Zaharrean, Eduardo Mokoroa eta Isidro Larrañaga musika eskoletako ikasleak, Udaberri dantza taldeko fanfarrea, Konponezinak txaranga, Uztaritzeko Herri Soinua Elkarteko musikariak eta Tolosa Kantari arituko dira.

12:00etatik aurrera, geldikako kontzertuak entzuteko aukera izango da beste bi gunetan: Plaza Berrian eta Lopez-Mendizabal pasealekuan. Lehen kokalekuan, abesbatzak, klarinete-taldea eta akordeoi orkestra ariko dira; bigarrenean, berriz, estilo desberdinetako lau musika talde.

Irabaziak, Zutanirentzat

14:30ak aldera, parte hartzaile guztiek Zerkausian bazkalduko dute. Hala ere, Musikherrian aktiboki parte hartuko ez duen herritar orok ere bertan bazkaltzeko aukera izango du; hori bai, aurrez txartela erosita. Xirimiri eta Orbela tabernetan jarriko dituzte salgai, bihartik aurrera; helduek 15 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 10 euro. Laskorain Ikastolak prestatuko du bazkaria, eta irabaziak Zutani elkarteari emango dizkiote antolatzaileek.

Bazkalostea musika taldeek girotuko dute, eta arratsaldean, kanpoko taldeen txanda izango da. Hasteko, Jarauta 69 txaranga iruindar ezagunak girotuko ditu Alde Zaharreko kaleak. Gauean, berriz, bi kontzertu izango dira Plaza Berrian. Lehenik, Demode Quartet taldearen txanda izango da. A capella abesten duen laukotea da, eta ahotsaren eta umorearen bitartez, musika estilo ugari uztartzen dituzte. Ondoren, Kilimak taldea igoko da oholtzara. Runba musika egiten du, euskaraz.

Musikherria 2025 egitaraua
  • Maiatzak 31, larunbata
    • 10:00
      • Amarotz, Izaskun, San Esteban, Iurramendi, Iurre, Berazubi eta Larramendi auzoak: Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzainero taldea eta Incansables txaranga.
    • 11:00
      • Alde Zaharra: Eduardo Mokoroa eta Isidro Larrañaga musika eskoletako ikasleak, Udaberri dantza taldeko fanfarrea, Konponezinak txaranga, Uztaritzeko Herri Soinua Elkartea eta Tolosako txistulari taldea.
    • 12:00
      • Alde Zaharra: Tolosa Kantari.
      • Lopez-Mendizabal pasealekua: Garigabeak, The Konbix, Garena eta Diversity taldeak.
      • Plaza Berria: Hodeiertz abesbatza, Lask abesbatza, Eduardo Mokoroa musika eskolako klarinete taldea eta Isidro Larrañaga akordeoi orkestra.
    • 14:30
      • Zerkausia: Bazkaria, Laskorain Ikastolak prestatuta. Irabaziak, Tolosako Zutani elkartera bideratuko dira. Txartelak Xirimiri eta Orbela tabernetan. Prezioak: helduek 15 euro, eta haurrek (14 urtetik behera) 10 euro. Bazkalostea musika taldeek girotuko dute. 
    • 18:00
      • Alde Zaharra: Jarauta 69 txaranga.
    • 22:30
      • Plaza Berria: Demode Quartet eta Kilimak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!