Txapelaren bila joango dira

Ataria 2025eko maiatzaren 15a

Gipuzkoako Ligan jokatzen duen Tolobolei klubeko senior emakumezkoek txapelketa irabazteko finala jokatuko dute larunbat honetan, 18:00etatik aurrera, Usabal kiroldegian. Beraien aurkariak Donostiako Ipar Titanak taldea izango da.

Liga hirugarren bukatu zuten tolosarrek, eta lehenengo lauak pasatzen ziren azken fasera. Finalerdia bigarrengoaren aurka jokatu zuten Hondarribian, Harresi taldearen aurka. Lehenengo seta galdu egin zuten, baina hurrengo hirurak irabazteko gai izan ziren. «Beraien aurka jokatutako aurreko partida nahiko eroso irabazi genion, eta bagenuen partida irabazteko konfiantza», azaldu du Toloboleiko Ane Gorostegi jokalariak. «Baina lehenengo seta irabazi zigutenean, aldapa gora jarri zitzaigun partida. Halere, asmatu genuen neurketari buelta ematen. Hori bai, oso parekatua izan zen».

Finaleko aurkaria laugarren geratu zen ligan, eta finala jokatzeko lehenengo sailkatuari irabazi zion finalerdia. «Denboraldi honetan ligan geratu garen lau lehenengo taldeen artean, batzuetan irabazten eta besteetan galtzen joan gara», esan du Gorostegik. «Larunbatean txapeldun izateko aukerak ditugu, hori seguru, baina egunaren arabera izango da emaitza. Beraiek ere irabazi izan digute denboraldian zehar, beraz, ez dago faborito argirik. Aste honetako entrenamenduak oinarritzen ari gara talde horren jokatzeko moduaren arabera, eta espero dugu irabaztea».

Datorren denboraldian maila bat gorago jokatzeko asmoa dute Toloboleikoek. Euskal Ligaren bigarren mailan ariko dira, eta babesle bila dabiltza liga horretan parte hartzeak eskatzen duen aurrekontuari aurre egiteko. «Harrobi sendoa du klubak eta gazte mailan dabiltzan neskek erreferente bat izan dezakete talde nagusia Euskal Ligan lehiatzen ari dela ikusita», esan du Gorostegik. Hain justu, infantil neskek bere mailako finala jokatuko dute Donostiako Pio Baroja kiroldegian, larunbatean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!