Tolosara itzuliko da nerabe eta gazteak musikara eta arte eszenikoetara hurbiltzea helburu duen Gipuzkoan Gazte Tour egitasmoa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Departamentuak sustatuta, jardunaldi bat antolatu dute maiatzaren 24an, 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzat, eta bi hitzordu izango dira.
Goizean, 10:30etik aurrera, Javi Berga dantzariak eskola magistral bat emango du kultur etxeko dantza aretoan. Dantza urbanoan espezializatutako dantzari profesionala da, gaur egun Bad Gyalen munduko birako taldean aritzen dena. Becky G, Mabel, Kim Petras, Dua Lipa eta Nicky Jamekin ere lan egin izan du, besteak beste, baita jaialdi eta telebista programa ezagun ugaritan ere. Ikastaroa doakoa da, baina aurrez eman behar da izena, esteka honetan.
20:00etan, berriz, hiru kontzertu izango dira Plaza Berrian: Doce C, Kiliki Frexko eta DJ Eromena. Doce C euskarazko hip-hoparen eszenan nabarmentzen ari da bere letra zorrotzengatik, erritmo hipnotikoengatik eta soinu klasikoak eta gaur egungoak nahasteagatik. Bere abestiek kaleak, gatazkak eta hausnarketak islatzen dituzte, karga kultural handiarekin. Kiliki Frexko, Beñat Rodrigoren goitizen artistikoa da. Chill Mafia taldeko sortzaileetako bat izan zen. Orain, bakarlari gisa, folklorea, elektronika eta umorea uztartzen ditu. DJ Eromena, berriz, Euskal Herriko figura garrantzitsuenetako bat da afro, dancehall eta amapiar eszenan.