Usabalgo kirol parkearen alboko pasealekuko argiteria sistema aldatu du udalak

Ataria 2025eko maiatzaren 15a

Iaz inauguratu zenetik, zenbait herritarrek argiteria «propio hondatu» izan dutela salatu du udalak. Orain, kaleko argi baxuen ordez, farola altuak jarri dituzte.

Iazko urtarrilean inauguratu zen Usabal kiroldegiaren kanpoaldeko kirol parkea, skate park-a, pump truck pista, trialerako eremua eta tirolina guneak biltzen dituen espazioa, alegia.

Bada, udalak adierazi duenez, hasiera-hasieratik argiteria «propio hondatu» izan dute «behin eta berriz», kirol guneetako eta pasealekuko «erabiltzaileen kalterako». «Maiz, lurrean botata eta errotik puskatuta agertzen ziren», azaldu du udalak. Egoera hori ekidin eta konponbide iraunkorrago bat eman asmoz, argiteria sistema aldatu dute; kaleko argi baxuen ordez, farola altuak jarri dituzte.

Joan den astean herri-lanetako brigadak oinarriak prestatu zituen; bada, atzo, farolak jarri eta argiteria sisteman moldaketak egin zituzten. Lanak gaur amaitu dituzte, eta beraz, gaurtik aurrera berriro ere martxan dago argiteria berria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!