Lehiaketak sei proba ditu eta horietatik hirugarrena da Tolosakoa. Proba bakoitzetik sailkapen bat aterako da, eta guztiak batuz, azkeneko proban jakingo da zein den irabazlea. Tolosa, Aretxabaleta, Lizarra, Gasteiz eta Gijongo hainbat trial eskola eta erakundek antolatzen dute txapelketa.
Maila guztietako parte hartzaileak izango dira, txikietatik hasita, hau da, prebenjaminetatik elite mailakoetara, eta neskek zein mutilek parte hartuko dute. Nahi duen orok parte hartu dezake, eta lizentzia ez dutenentzat seguru bat egin dute antolakuntzatik. Bideak Bike Eskolaren Instagram kontuan sartu daiteke, eta bertan dago lotura Internet bidez izena emateko. Egunean bertan norbaitek parte hartu nahi badu, aukera ere izango du horretarako.
Jardunaldia 10:00etan hasiko da, eta txikienen txanda izango da. 12:00etatik aurrera helduak ariko dira, eta 14:00ak aldera izango da sari banaketa. Maila altuko trialariak ikusteko aukera izango da igandean; esaterako, elite mailan munduko txapeldunordeak ariko dira.