Euskararen historian zehar bidaia, musikaren bitartez

Ataria 2025eko maiatzaren 14a

'Euskara Donemiliagatik Gurera' emanaldiarekin euskararen historian zehar musikaren bitartez bidaiatzeko gonbidapena egiten du Oskarbi taldeak; Topic-en izango da saioa, hilaren 21ean.

Euskaraldiaren barruan, eta Lizardi elkarteak antolatuta, emanaldi bereziaz gozatzeko aukera izango da hurrengo asteazkenean, hilak 21, Topic zentroko aretoan, 19:30ean hasita. Oskarbi taldeak, musikaren laguntzarekin bidaiatzera proposatuko du, euskara eta historia ardatz hartuta.

Euskara Donemiliagatik gurera izena jarri diote ekimenari, eta Joxelu Treku taldekideak aipatu moduan, euskararen historia jorratuko dute, kantaz kanta. Tolosan sortu zen ekimena, eta Tolosakoa izango da estreinako saioa. «Lizardi elkartekoek gonbidatuta bertan izan ginen duela urtebete; harremana egin genuen eurekin, eta horrela atera zen gisa honetako zerbait egiteko ideia», azaldu du Trekuk. 

Emanaldia gidatuz, Jon Aizpurua kazetariak narratzaile lanak egingo ditu, abestien artean entzuleak garai eta testuinguru desberdinetan kokatuz. Erromatarren garaiko antzineuskarako izenak aipatuz hasiko da eta ondoren Donemiliagako lehen esaldiak esango ditu. «Orduan, emanaldirako sortu dugun Donemilia abestia kantatuko dugu; orduko Iruñean eta Nafarroako erreinuaren lurretan euskarazko hitzak nola agertu ziren kontatzen du. Ondoren, Lasturko Milia kantatuko dugu, Garibaik jasotako bertsoa. 1400 urte inguruan kokatzen da, eta bi emakume ari dira bertsotan. Gero, Perutxoren kanta, 1500 urte ingurukoa, ondoren, Etxepare dator, eta gero, Lizardi». Gerra ondorengo sasoiari buruz abestuko dute ondoren. «Pizkunde berria aipatuko dugu; orduan sortu zen Ez Dok Amairu eta baita Oskarbi ere, eta pare bat abesti izango dira euskararen ibilbide historikoa borobiltzeko». Horrez gain, emanaldia amaitzeko, grabatzen ari diren disko berriko bi abesti kantatuko dituzte. 

60 urte

Une honetan hamahirugarren diskoa izango dena grabatzen ari dira Oskarbiko kideak, eta datorren urtean aurkezteko asmoa dute. Urte berezia izango da, 60 urte beteko baititu taldeak, eta ospatzeko ekitaldi bereziak aurreikusi dituzte. Trekuk nabarmendu du Ez Dok Amairu mugimendutik geratzen den azken taldea dela Oskarbi, eta hasierako helburuak mantentzen dituztela: «euskaraz kantatzea, euskal kantutegiko abestiak moldatuz eta gure sorkuntza propioarekin». Taldearen bilakaerari dagokionez, egun «orekatuagoa» dela aipatu du: «lehen ahotsa gailentzen zen, instrumentuen gainetik; gazteak sartu dira, eta horrekin batera, aurrera egiteko indarra eta gogoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!