Gipuzkoako saskibaloiaren hiriburu izango da Usabal

Imanol Garcia Landa 2025eko maiatzaren 13a

Koldo Arsuaga, Andu Martinez de Rituerto eta Jon Txakartegi, ekitaldiaren aurkezpenean.

'Finalen Finalak' ekitaldia hartuko du Tolosako kiroldegiak. Gipuzkoa mailako sei final jokatuko dituzte larunbatean, eta 10:00etan hasiko dira partidak.

Finalen Finalak izena jarri diote Gipuzkoako saskibaloiaren sei final garrantzitsuenak bilduko dituen jardunaldiari. Larunbatean, hilaren 17an, izango da Usabal kiroldegian, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak antolatuta, TAKE klubaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak adierazi du «plazer handia» dela herriarentzat bigarren aldiz ekitaldia hartzea, eta eskerrak eman dizkie TAKE klubari eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari hori posible egiteagatik. Era berean, final horiek eta parte hartuko duten taldeak balioan jarri ez ezik, denboraldi osoan zehar klub guztiek, kirolariek eta teknikariek entrenamendu eta partidetan egiten duten eguneroko lana ere nabarmendu nahi izan du.  

Jon Txakartegik, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko koordinatzaile nagusiak, ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du: «Usabalen ospatzea, Gipuzkoako kirol-instalaziorik onenetakoa, benetako luxua da. Tolosako Udala eta TAKE klubaren inplikazio osoa eskertu nahi dugu hau guztia posible izan dadin». Txakartegik etxeko klubaren lana ere goraipatu du: «TAKEk urteak daramatza lan bikaina egiten, bere goi mailako taldeetan ere islatzen den harrobi sendo eta lehiakorra garatzen».

Ekitaldiari buruz, errendimenduko 6 finalak jokatuko dira larunbatean, kadete, junior eta senior goreneko mailak, gizonezkoenak zein emakumezkoenak, eta horietan Gipuzkoako txapeldunak erabakiko dira. Parte-hartzaileen aniztasuna nabarmendu du Txakartegik: «Sailkatutako 12 taldeetatik 11 klub desberdinetakoak dira, eta horrek erakusten du Gipuzkoa osoan lurralde ordezkaritza handia eta saskibaloiak maila ona duela».

Bere aldetik, Koldo Arsuaga TAKEko presidenteak klubak tokiko kirolarekin eta federazioarekin duen konpromisoa azpimarratu du: «Gure eguneroko jardueratik haratago, beti gaude prest honelako ekitaldietan batzeko eta laguntzeko. Denboraldi osoa daramagu federazioarekin eta udalarekin lanean saskibaloiaren amaiera handi hau arrakastatsua izan dadin, bai kantxaren barruan, bai kanpoan».

Hiru ordezkariek Gipuzkoa osoko eta Tolosako saskibaloi zale guztiak animatu dituzte larunbat honetan Usabalera joatera, «emozioz, ikuskizunez eta giro paregabeaz» beteriko jardunaldi batez gozatzera.

Finaletan parte hartuko duten klubak honako hauek izango dira: Zast Zarautz, Easo Basket, Iraurgi SB, Askatuak, Saski Axular, Ordizia, Ointxe!, Goierri K.E., CD Internacional, Donosti Dolphins eta Atletico San Sebastian.

Finalak

  • 10:00. Kadete gizonezkoak: Zast Dance vs. Easo Basket Il Gusto.
  • 12:00. Kadete emakumezkoak: Etxaniz Autoeskola ISB vs. Yoga Shala Askatuak
  • 14:00. Junior gizonezkoak: Saski Axular vs. Zast&Furious.
  • 16:00. Junior emakumezkoak: Ordizia Orbinox vs. Mondragon Unibertsitatea Morea
  • 18:00. Senior emakumezkoak: Goierri Aldapa vs. CD Internacional.
  • 20:00. Senior gizonezkoak: Donosti Dolphins vs. Atletico San Sebastian.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!