Topic-ek erakusketa unibertsal batean parte hartu du, Japonian

Ataria 2025eko maiatzaren 13a

Tolosako txotxongiloen nazioarteko museoko zuzendariek 'Dragoiak eta usoak mugimenduan' ikastaroa gauzatu dute; Topic-ek, gainera, txotxongilo berezi bat egin zuen, Haurren Mundu Eguna ospatzeko.

Topic-ek erakusketa unibertsal batean parte hartu du berriro, kasu honetan, maiatzaren 5etik 11ra Osakan (Japonia), Yumeshimako uharte artifizialean. Duela bost urte Dubain egindako erakusketan parte hartu zuen.

Japonian, Tolosako txotxongiloen nazioarteko zentroko zuzendariek, Dragoiak eta usoak mugimenduan ikastaroak egin dituzte. «Saio horien helburua parte hartzaileentzako hezkuntza eta arte-esperientzia esanguratsu bat sortzea zen. Esperientzia hori 2025eko Erakusketaren funtsezko balioetan kokatu da: jasangarritasuna, berrikuntza eta gizadiaren eta naturaren arteko bizikidetza harmonikoa», azaldu dute Topic-eko kideek.

Ikastaroa, baina, ez da Topic-ek Japonian burutu duen ekintza bakarra izan. Erakusketaren lehen egunean, maiatzaren 5ean, Haurren Mundu Eguna ospatzeko, Tolosako museoko kideek txotxongilo berezi bat egin zuten. Hala, Topic ezagutzera eman dute ekitaldi handi honetan.

Argazkiak: Topic.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!