Auzolandegien plaza kopurua handituko du udalak

Ataria 2025eko maiatzaren 13a

Gorlizko Badiaren irudia; atzean, Gorliz eta Plentzia. Argazkia: OIa.perez03

15 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako udako aisialdi eskaintza aurkeztu dute Tolosan; 20 lagunek, zortzi eguneko egonaldia egingo dute Gorlizen, auzolanarekin eta aisiarekin lotutako ekintzak uztartuz. Maiatzaren 22ra bitarte eman daiteke izena.

Tolosako Udalak bigarren urtez antolatuko ditu 15 eta 18 urte bitarteko nerabeentzako udako auzolandegiak. Iaz egin zuten lehen aldiz, eta udaletik nabarmendu zutenez, «arrakasta» izan zuten. Aurten, gainera, plaza kopurua handituko dute, baita egonaldiaren iraupena ere; kokalekua, berriz, ezberdina izango da.

Iaz, zazpi laguneko bi talde osatu zituzten; guztira, 14 nerabek parte hartu zuten auzolandegietan. Aurten, berriz, egonaldi bakarra izango da, gehienez ere, 20 lagunentzat. Gorlizen egingo dute egonaldia, zortzi egunez: ekainaren 29tik uztailaren 6ra. Herriko kanpinean hartuko dute ostatu, eta bertan egingo dituzte otorduak; gauak –zazpi, guztira– ere bertan igaroko dituzte, auzolandegi itxiak baitira.

Udaletik aurreratu dutenez, auzolana eta aisia uztartuko dituzte nerabeek. Horrez gain, zenbait balio jorratuko dituzte, hala nola, elkartasuna, konpromisoa eta ingurumenaren zaintza. Goizetan, auzolana egingo dute, hainbat modutara: muralen margoketa lanak, baratzeko landaketa eta zainketa lanak, edota Plentziako badiako zaborraren garbiketa, kayakean. Arratsaldeetan, berriz, bestelako ekintzak egingo dituzte: Gorliz eta Plentziako hondartzetan jolasak, Itsas museora bisita, surf ikastaroa, edota Bilbora eta Armintzara irteerak. Iluntzeetan, berriz, jolasak, txapelketak edota karaokea egingo dituzte.

Izen-ematea bi pausotan

Udaleku irekiekin egin moduan, bi pausotan egin beharko da izen-ematea. Aurretiko izen-ematea maiatzaren 12tik 22ra bitarte egin ahal izango da, izenematea.tolosa.eus webgunearen bidez, inolako dokumentaziorik aurkeztu behar izan gabe. 

Plaza kopurua baino izen-emate eskaera gehiago baleude, zozketa bidez esleituko dira hilaren 23an. Leku guztien esleipena eginda, plaza lortu duten nerabeek bakarrik egin beharko dute behin betiko izen-ematea, Udaten edo egoitza elektronikoan, maiatzaren 26tik 30era. Orduan bai, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Egonaldiaren prezioa 120 eurokoa da, pertsonako.

Zalantzak argitu nahi dituenak edo izen emate prozesuan laguntza behar duenak Gazteria Sailarekin jarri beharko du harremanetan, 688 740 164 telefono zenbakira deituta edo gazteria@tolosa.eus helbidera idatzita. Aurrerago, izena ematen duten gazteen gurasoekin bilera informatiboa egingo du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!